2022/06/15 |
Azken hilabeteotan polemika handia piztu dute espainiar estatuan espioitzaren inguruko salaketek. Horien arabera, estatuko aparatuek politikari eta ekintzaileak zelatatu dituzte, arlo independentistakoak nagusiki, Pegasus programa baliatuz. Israelen ekoiztutako software hori sakelako telefonoetan txertatzen da, erabiltzaileak jakinaren gainean ez daudelarik, eta zelatatzerako tresna bihurtzen ditu aparailuak. Baina zaintza masiborako teknologia horren erabilera ez da Espainiako estatuko estolderiaren kontua bakarrik, gauza frogatua baita Ertzaintzak zein Eusko Jaurlaritzako inteligentzia zerbitzuek ere programa hori edo antzekoak erabili dituztela. Horixe erakutsi du gure aste honetako solaskideak; Ahoztar Zelaieta kazetari, kriminologo eta ikerlariak; El Salto egunkarian argitaratutako erreportai sorta batean. Bertan burututako ikerketen berri eman digu. Zelaietak azaldu du euskal polizia autonomikoak Verint Systems enpresak ekoiztutako software bat baliatu duela telefono bidezko komunikazioetan esku hartzeko. Israelgo inteligentzia enpresa hori NSO Group erosten saiatu zen, hau da, Pegasus softwarea merkaturatu duen konpainia. 2006 urtetik sistema horren mantenua Excem enpresaren esku dago. Enpresa hori haren ordezkaria da espainiar estatuan, eta PPren "polizia patriotiko" zein Defentsa Ministerioaren hornitzaile teknologikoa. Kritikatu du, bestalde, EAJren hipokresia, izan ere, Madrilen Pegasus bidezko espioitza sarearen dokumentuak desklasifikatzea eskatzen duen bitartean, EAEn "segurtasun arrazoiak direla-eta sekretutzat" jo du Ertzaintzak komunikazioak zelatatzeko baliatzen duen sistemaren inguruko espedientea. Salatu du, gainera, Israelgo enpresa hauek espioitzarako softwareen hornitzaile nagusiak direla mundu mailan, lotura estua dutela erregimen sionistako armadarekin, eta leku nabarmena dutela nazioarteko armagintza azoketan. Halaber, teknologia horiek mundu osoko diktadura erregimen eta eskuin muturreko erregimenei ere saltzen dizkiete, tokian tokiko disidentzia politikoaren kontra balia ditzaten. Bestetik, azaldu du Ertzaintza eta Israelgo zerbitzu sekretuen arteko harremana historikoa dela, eta baita trebakuntza arloko enpresa israeldarrekiko harremana ere. Ordainetan, euskal kapitalismoa ere Israelen txertatuta dago, besteak beste trengintza arloan, eta horren adibidea da CAF konpainia Israelen eraikitzen ari den azpiegitura. Horrez gain, nekazaritza arloan dauden harremanak ere nabarmendu ditu. Ohartarazi du Palestinan paradigma aldaketa bat gertatzen ari dela, izan ere, bertan okupazio erregimenak baliabide publikoak erabiltzeari utzi eta enpresa pribatuen esku utzi du espioitzarako sistema berrien garapena eta palestinarren aurkako erabateko propaganda gerraren hedapena. Haren ustez, paradigma aldaketa hori hemen ere gertatzen hasia da. Arreta deitu du, halaber, informazioa erakusteko kulturan ere gertatzen ari den aldaketaren inguruan, izan ere, gaur egun informazioa sare sozialetatik ateratzen da neurri handi batean.
|
2022/06/07 |
Datorren ekainaren 11n, larunbatean, CAF trengintza konpainiak urteroko Akziodunen Batzar Orokorra egingo du Beasainen. Eta polemikaren erdian antolatu dute, izan ere, enpresa gipuzkoarra Jerusalem Ekialdeko eremu okupatuetako koloniak hirigunearekin lotuko dituen trenbidea eraikitzeko lanetan dabil. Trenbide hori apartheid azpiegitura iraunkorra da eta nazioarteko legediarekin talka egiten du, eremu okupatu baten anexioa dakarrelako eta hiriko populazio palestinarra baztertzen duelako. Izan ere, Akziodunen Batzarra baino egun batzuk lehenago Kontakturako Nazio Puntuak, Espainiako Komertzio Ministerioari atxikitutako erakundeak, ebazpen bat kaleratu du zeinean zenbait gomendio egin dizkion konpainia gipuzkuarrari. Gomendiook hiru gairen ingurukoak dira, hala nola, giza eskubideen inguruko legediari enpresak sor dion errespetua, konpainiaren informazioa argitaratzeko politika eta gizalegezko enpresa jokabideari sor dion beharrezko errespetua. Kontakturako Nazio Puntuaren gomendioak betebeharreko arauak ez badira ere, arreta dei saihestezina dira enpresarentzat, eta zuzendaritzak akziodunen aurrean horiei buruzko azalpenak emateko bezain garrantzitsuak. Kontu hauen inguruko informazioa jasotzeko Santiago Gonzalez Vallejo izan dugu solaskide Uhitifadako mikrofonootan. Gonzalez ekonomilaria da eta Comité de Solidaridad con la Causa Árabe erakundeko kidea. Bere hitzaldian azaldu digu Kontakturako Nazio Puntuaren txostenaren mamia, eta txosnak duen nazioarteko oihartzunaz mintzatu zaigu, eta CAFek gomendio horiek alda zitezen erakundeari egin dion presioaz. Salatu du CAFek Israelgo legedia darabilela inongo ilagaltasunik burutu ez duela argudiatzeko, baina aipatu gabe uzten duela nazioarteko zuzenbidea urratzen ari dela. Iragarri du bere erakundeak Kontakturako Nazio Puntuaren gomendioak galdera modura eramango dituela Akziodunen Batzar Orokorrera. Gainera, ohartarazi du apartheid tranbiaren afera Nazioarteko Zigor Auzitegira eramango dutela, Israelgo gerra krimenak epaitzeko auziaren barruan. Bestalde, salatu du CAFek hain botere handia duenez, lortu duela gai hau prentsako hedabide hegemonikoetan inongo oihartzunik ez izatea. Gainera, Goierrin apartheid tranbiaren proiektuaren kontra antolatu den lan taldeari ere arreta eman nahi izan diogu. Horretarako, Asier Alvarez de Eulate Mujika taldekidearekin solas egin dugu. Berak azaldu dizkigu datorren larunbatean CAFeko Akziodunen Batzarraren harira Beasainen antolatu diren protesta ekitaldiak, eta horietan guztietan parte hartzeko deia egin digu.
|
2022/05/31 |
Aste honetako atalean istorio zirraragarri bat ekarri dugu Uhintifadaren mikrofonootara, Mordechai Vanunurena. Vanunu Israelgo Dimona zentral nuklearreko langilea zen harik eta 1986an The Sunday Times egunkari britaniarrean Israelgo programa nuklearraren sekretuak aireratu zituen arte. Informazio hori kaleratu izanak egiaztatu zuen ordurarte guztion ahotan zebilen eta gaur egun ere Israelek ukatzen duen sekretua: erregimen sionistak arma nuklearrak dituela. Gainera, argitalpen horrek Vanunuren aurkako jazarpenaren hasiera ekarri zuen. Mossadek Erroman bahitu eta Israelera eraman zuen. Bertan, 18 urteko espetxealdia betetakoan, konfinamendu erregimena ezarri zioten eta atzerritarrekin hitz egiteko erabateko debekua. Vanunuren istorio gorabeheratsuaz hitz egiteko Eugenio Garcia Gascon gonbidatu dugu gure mikrofonootara. Palestinan 30 urtetik gorako eskarmentua duen kazetari honek teknikari nuklearraren istorioa ekarri zuen duela hilabete batzuk Publico egunkariko orrialdeetara. Erreportai horretan bakezaletasunaren ikur eta martiritzat definitu zuen Vanunu. Bere solasaldian marrokiar jatorriko etorkin juduen seme haren historia familiarra kontatu digu; nola hasi zen judutasunetik urruntzen; eta nola erabaki zuen, arrazoi etikoak tarteko, Israelgo armagintza nuklearreko programaren sekretuak mundura aireratzea. Kontatu digu, halaber, gaur egunean, eta 69 urte dituelarik, Vanunuk bizimodu miserable eta bakartua daramala, izan ere, mundu osoko herrialdeetan asilo politikoa ukatu egin diote. Bestetik, erregimenarekiko kritikoak diren beste hiritar israeldar disedente batzuen kasuen berri ere eman digu; baina argitu digu, tamalez, kasu horiek gutxi batzuk baino ez direla, eta Israelgo gizarte gehienak bere estatua babesten duela. Beste alde batetik, Shereen Abu Akleh kazetari palestinarraren erailketaren inguruko hainbat gako ere aztertu ditu. Abu Akleh Israelgo okupazio armadak erail zuen iragan maiatzaren 11n eta bere hilketa berezia izan da hizpide izan ditugun zenbait arrazoirengatik. Oro har, Palestinan kazetari lanetan aritzeko baldintzen inguruan ere mintzatu zaigu.
|
2022/05/24 |
Iragan maiatzaren 11n Israelgo okupazio armadak berariaz erail zuen Shereen Abu Akleh kazetari palestinar ezaguna, Jeningo (Zisjordania) eskualdeko errefuxiatuen kanpamendu batean okupazio indarren eraso baten berri ematen ari zela, eta bere kazetari-ekipazioaz jantzirik eta identifikatzeko moduan zegoela. Abu Aklehren kasua ez da lehenengoa, eta tamalez, ez da azkena izango; izan ere; asko dira beren jardun profesionala burutzen ari zirela Israelgo erregimenaren indarrek erail dituzten kazetari palestinarrak. Baina oraingo honetan, hilketa honek bereziki astindu du Palestinako eta mundu osoko iritzi publikoa; Abu Aklehk hogei urtetik gora baitzeramatzan Al Jazzeran, mundu arabiarreko itzal handieneko telbistetako batean, korrespontsal lanetan; eta ondorioz, oso ezaguna baitzen. Gainera, okupazio indarrek kazetariaren hileta erasotuz eta hainbat senitarteko atxilotuz erakutsi duen ankerkeriak ere berezia egiten du afera hau. Gertaera kriminal honen inguruan , eta oro har, Palestinan diharduten kazetarien baldintzen inguruan solasteko Teresa Aranguren izan dugu solaskide aste honetako atalean. Arangurenek ibilbide luzeko eskarmentu profesionala dauka Ekialde Hurbilean kazetari lanetan, eta erreferente bat da munduko eskualde horretako informazioari dagokionean. 1981ean hasi zen Libanoren kontrako inbasio israeldarraren berri ematen Mundo Obrero aldizkarian, eta geroztik, azken hamarkadetako eskualde hartako gatazka armatu guztietan ibili da zenbait hedabidetako korrespontsal lanetan. Bere jardunean Shereen Abu Aklehren erailketaren inguruko xehetasunak kontatu dizkigu, izan ere, haren esanetan, pertsonalki ezagutu zuen hildakoa lekuko ezerosoa bilakatua zen Israelentzat. Salatu du Israelgo erregimenak, erabateko inpunitatez, Palestinako populazioaren aurkako ankerkeria darabilela, eta haren ustez, horixe da Abu Aklehren erailketa eta, oro har, palestinarren aurkako krudelkeria ulertzeko gakoetako bat. Haren esanetan, Nazioarteko Zuzenbideak tresna baliagarria eta beharrezkoa izan beharko luke Israelgo erregimena zigortzeko, baina gaur egun boterearen mesederako tresna bilakatzerainoko dregradazioa pairatu du. Bestalde, desberdindu nahi izan du kazetari palestinar eta Palestinan diharduten nazioartekoen artean. Lehenengoek heriotza arrisku erreal bati egin behar izaten diote aurre bere jardun profesionalean; besteek, heriotza arrisku errealean izan gabe ere, euren burua autozentsuratu edota diskurtsoa modalizatu egin behar izaten dute Israelgo erregimenak lanean utz diezaien. Haren ustez, bereizketa hau guztiz arrazista eta koloniala da, izan ere, palestinar baten bizitzak europear edo estatubatuar batena baino askoz oihartzun txikiagoa izaten du. Nolanahi ere, uste du Israelgo armadak Abu Aklehren hiltetan eta zerraldoaren beraren kontra baliatu duen ankerkeria ordainduko duela, hori oso kontu sakratua delako munduko edozein kulturatan. Kritikatu du, halaber, mendebaldean itsukeria intelektuala pairatzen dugula, eta horregatik ezin dugula ikusi Palestinako populazioak duela hamarkadetatik pairatzen duen zitalkeriaren benetako dimentsioa. Era berean, kritikatu du prentsako hedabide hegemonikoeen bidez Palestinatik iristen zaigun informazioa, eta hedabide horietan erabiltzen duten kazetaritza-hizkerak okupazioa normalizatzeko helburu planifikatua duela. Azkenik, balioetsi nahi izan du herri palestinarrak irauteko duen gaitasuna, kontaketa ofizialak palestinarrei gizatasuna ukatzeko xedea badu ere.
|
|
|