Uhintifada 464: Mussaab Bashir: «Israelgo prentsako hedabideek propaganda makineria jarri dute martxan, hango iritzi publikoa hurrengo inbasiorako prestatzeko. Inbasio hori, itxura guztien arabera, 1967tik okerrena izango da. Latzena iristeke dago» Inprimatu
UHintifada
2023/10/10
Aste honetako atalean, ezinbestean, iragan asteburuko gertaeren larrialdiko analisia egin behar izan dugu. Urriaren 7an, goizaldeko 6:30ean, Palestinako erresistentziak aurrekaririk gabeko erasoa egin zuen Gazako zerrendatik 48an okupatutako eremuetara, gaur egungo Isaelgo estatuaren hegoaldeko eskualdera. Erasotzaileek milaka kohete jaurti zituzten Israelgo eremuetara, eta gainera, Gazaren inguruko hesia birrindu, ghettotik kanporako eremuetara irten eta Israelgo hainbat hiri kolonial hartu zituzten menpean. Horrez gain, okupazio armadako hainbat militar ere hartu zituzten gatibu, zehaztu gabeko kopuru bat. Israelgo armadak beti aldarrikatu du munduko suntsitzaile eta teknologikoki garatuenetako bat dela, baina eraso historiko honek agerian utzi ditu armada sionistaren gabeziak, bestalde, Israelgo inteligentzia zerbitzuak ere agerian geratu dira, ez direlako gai izan tamaina horretako eraso bat aurreikusteko. Horrek guztiak oraindik neurtu ezin den erantzun errepresibo bat eragin du Israelgo administrazioaren partetik.
Egoera aztertzeko operazioaren ondorengo orduetan hainbat komunikabidetan jasotako testigantzak berreskuratu ditugu, besteak beste, Al Yudur gazte erakunde palestinarreko Taherrek 97.0 irratiko Alerta Gorria irratsaioan utzitako gogoeta, edota HispanTVn Daniel Lobato analistak egoeraren gainean egindako azterketa zehatza. Azkenik, Mussaab Bashir kazetari eta itzultzaile gazatarra izan dugu mikrofonootan solaskide. Bashir, gainera, Palestinako preso ohia ere bada.
Bashirrek kontatu digu elkarrizketa egiteko momentuan Israelgo armada Gazako iparraldeko eremuak bonbardatzen ari zela, besteak beste, Jabalia errefuxiatuen kanpamendu populatua, eta egoera erabateko kaosa zela. Ohartarazi du Israelgo erregimenak Gazako zerrenda tropekin inbaditu nahi duela eta operazio hori burutzeko ahalik eta nazioarteko babes gehien biltzen ari dela. Azaldu du erresistentziaren erasoak erabateko porrota ekarri duela Israelgo gerra sistema zibernetikoentzat. Salatu du Israelgo prentsako hedabideek propaganda makineria martxan jarri dutela, hango iritzi publikoa hurrengo inbasiorako prestatzeko; inbasio hori, itxura guztien arabera, 1967tik okerrena izango dela; eta latzena iristeke dagoela. Haren ustez, ez gaude ohiko gerra baten aurrean eta munduko inongo inteligentzia zerbitzuek ezingo zuketen aurreikusi larunbatekoa bezalako eraso bat, ez duelako burutu ohiko armada erregular batek, eta miliziek ustekabeko modu batez funtzionatzen dutela. Onartu du hainbat milizianok burututako zenbait ekintza ere kriminaltzat hartu daitezkeela, baina arreta ez dugula gertaera isolatu batean jarri behar, baizik eta nola iritsi den egoera horretara. Bestalde, salatu du espainiar estatuko prentsaren profesionaltasun eta karetari-zurruntasun falta, eta prentsa hegemonikoa sionismoaren kontaketarekin lerrokatzen dela, oro har. Azkenik, kritikatu du nazioarteko komunitatearen isiltasun konplizea eta adierazi du itxaropena pertsona solidarioen mobilizazioan dagoela.