Uhintifada 463: Aitziber Urtasun: «Errefuxiatuen kanpamenduetan orbain sakonak zituzten umeak ezagutu ditut, haientzat oraina hauskorregia da eta geroa konplexuegia, baina arteak etenaldi bat egiteko aukera eman diezaieke etengabeko testuinguru beldurgarri horretan» Inprimatu
UHintifada
2023/10/04

Denboraldi berriko lehehengo irratsaio honetan, eta dagoeneko ohitura denez, uda partean Palestinan zehar ibilitako bidaiarien testigantza jaso dugu Uhintifadako mikrofonootan. Oraingo honetan Aitziber Urtasun bilbotarrarekin solasteko aukera izan dugu. Urtasun hezitzaile artistikoa, erakusketetako komisari independientea, artista eta nazioarteko kooperantea da. Duela ia hogei urte arduradun lanetan dabil Jorge Oteiza Museo-Fundazioko Hezkuntza Departamentuan, Iruñean, eta bertan artegintzako hainbat hezkuntza programa sortu ditu, zenbait GKErekin elkarlanean, populazio errefuxiatuarekin praktikan jartzeko. Zeregin horretan ibili da azken lau hilabeteotan, programa horiek Askar eta Balata errefuxiatuen kanpamenduetan lantzen, Zisjordaniako Nablus eskualdean, eta "Hope and Peace" bertako erakundearen eskutik. Bere jardunean nabarmendu nahi izan du artearen garrantzia, izan ere, kontu hutsala dirudien arren, tresna eraginkorra izan daiteke etengabeko okupazio testuinguruan murgilduta bizi den populazioari arnasgune bat emateko, bereziki haurrei. Azpimarratu du tokian tokiko eta bertako GKEekin lan egitearen garrantzia, horrelako erakunde txikiek ez dutelako egitura kapitalista instituzionalizatu bat, eta era berean, azaldu du garrantzitsua dela segimendua egitea zure proiektuetan ibili den jendeari. Bere lanari dagokionez, adierazi du oso orbain sakonak zituzten umeak ezagutu dituela, egunero heriotzari aurre egiten diotenak, eta haientzat oraina hauskorregia dela, eta geroa konplexuegia, baina haren ustez, arteak etenaldi bat egiteko aukera eman diezaieke etengabeko testuinguru beldurgarri horretan. Bestalde, Nablus hiriak azken hilabeteotan bizi izan duen bortizkeria testuinguru gero eta latzagoaz ere hitz egin digu. Bertan gazteak milizia armatuak antolatzen hasi dira, besteak beste "Lehoiaren Gordelekua" izenekoa, fakzio politiko tradizionaletatik aparte Nabluseko Alde Zaharrean sortutako erresistentzia taldea. Kontatu du kaleak Israelgo armadak hartuta zituela, oso zaila zela batetik bestera mugitzea, eta horrek biziki zaildu zuela bere lana. Azken urtean hildakoen kopurua, umeak tartean, izugarria izan da. Hainbesterainokoa izan da non haren taldeko hainbat umek senitarteko bat edo beste galdu baitituzte azken hilabeteotan. Nabarmendu du inportantea dela Palestinara bidaiatzea eta okupazioaren errealitatearen testigantza ematea, eta uste du bakoitzak dakiena egitera joan behar duela. Aitortu du bere azken bidaietako batetik sentsazio mikatz batez bueltatu zela, nahikorik egin ez zuelakoan, eta zentzu horretan lagun palestinar batek egin zion eskaria ekarri du akordura: "Hitz egin Palestinaz, eta Palestinaz hitz egiteaz gogaituta zaudenean, jarraitu Palestinaz hitz egiten".