Aintzat hartuak izateko PDF Inprimatu Email
2009/06/01
Cumbre indigena[Berria / Leire Ventas] Zazpi mila indigena bildu dira Perun, jatorrizko herrien eta estatuen arteko harremana aztertzeko

Amazoniako lau probintziatan larrialdi egoera ezarri du Peruko Gobernuak, hango indigenek duela 45 egun hasitako protestengatik. Loreto eskualdeko Yuriamas hiria jatekorik eta erregairik gabe geratu da, mobilizazio horien ondorioz. Indigenek hirirako hiru sarbideak blokeatuta dauzkate. Awajun eta wampi etniako zazpi lagun atxilotu ditu Poliziak, Corral Quemadoko zubia hartzeagatik; eta bat tiroz hil dute. Hori da egun Peruko jatorrizko herrien eta Limaren arteko harremana. Eta besteren artean, kasu horixe izango dute hizpide 7.000 indigenek igandera bitartean Puno hirian (Peru) egiten ari diren bileran. Atzo ekin zieten saioei.

Hain zuzen, jatorrizko herrien eta estatuen arteko harremana aztertzea da Abya Yala Kontinenteko Herri eta Naziotasun Indigenen Goi bileraren egiteko nagusia. Horretarako bildu dira Amerika osoko ordezkariak Titikaka lakuaren ertzean, Altiplanoko Unibertsitate Nazionalean. Amishak heldu dira Arizonatik (AEB Ameriketako Estatu Batuak); aimarak Boliviatik; nahuak, mixtekoak eta maiak Mexikotik. Guztiak, gatazkatsua izan ohi den hartu-emanerako formulak proposatzeko.

«Duina naiz eta eskubideak ditut, eta zuk, estatua zaren neurrian eta nazioarteko hainbat hitzarmen sinatu dituzunez, niri eragiten didaten erabakiak hartu aurretik kontsultatu egin behar didazu». Hori da Alberto Pizangok tokian tokiko agintarien eta komunitate indigenen arteko harremanetarako proposatuko duen eredua. Hala aurreratu zuen prentsaurrekoan, joan den astean. Goi gilerako antolatzaileetako bat da Pizango, eta Aidesep Peruko Oihanaren Garapenerako Etnien Arteko Erakundeko presidentea.

Kontinenterako aldarria
Adierazpenarekin Peruko gatazkari egin zion erreferentzia Pizangok. Baina kontinente osorako da baliagarria aldarria. Gobernuek alde batera utzi eta beren baliabide naturalen - lurra, batez ere- jabe egiten direla salatzen baitute, oro har, jatorrizko herriek. Eta hori hala, lurren, petrolioaren eta gasaren gaineko kontrolak piztu ohi ditu Gobernuen eta komunitateen arteko liskarrak.

Eta horixe dago, funtsean, Peruko gatazkaren oinarrian ere. Apirilaren 9an egin zuen Aidesepek -20 indigena komunitateren ordezkaritza du- matxinadarako deia, Gobernuak jatorrizko herrien eskubideak urratzen zituen bederatzi dekretu indarrean jarri zituelako. «Interes nazionala» argudiatuz, tradizioz indigenenak diren lurrak estatuaren eskuetara igarotzea ahalbidetzen dute horiek. Hala, Limak multinazionalei ateak zabalduko dizkiola salatzen dute indigenen elkarteek.

Era berean, Kongresuari ez ezik, egun lur horietan bizi direnei ere kontsultatu gabe jarri dituela dekretuak martxan nabarmendu dute. Eta hori Peruk sinatutako hainbat itunen kontrakoa da. Tartean, ILO Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. hitzarmena urratzen du. Zehazki, dokumentu horren 13. eta 14. artikuluek diotenari entzungor egin dio Peruko Gobernuak; jatorrizko herriei eragiten dieten neurriak hartu aurretik, haiei kontsultatzeko obligazioari. Hortik, Pizangok Goi gilerako mahai gainean jarri duen proposamena.

Laugarren urtea da Amerikako indigenek halako goi bilera egiten dutena: 2000. urtean, Mexikon egin zuten; 2004an, Ekuadorren; eta 2007an, Guatemalan.
 
Banner
+Video

Kolonbiako ikasleek pribatizazioari [Argia]

Agenda

February 2012 March 2012
As As As Os Os La Ig
1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29