13.000 herritar inguruk parte hartu dute Udalbiltzaren aurka egiten ari den epaiketa salatzeko Bilbon egindako manifestazioan
Aralar, EA, Alternatiba eta ezker abertzaleko ordezkariak, eta EAJko kideak izan dira
[Berria] «Herria bera da Udalbiltza, eta Udalbiltza herriarena da. Demokraziaren eta auzolanaren oinarri-oinarrizko ariketa. Horixe da Udalbiltza; horixe, eta ez besterik». Udalbiltza auzia dela-eta Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari direnei zein Udalbiltzari berari babesa ematen ari diren milaka herritar, instituzio eta elkarteri eskerrak eman ondoren, Udalbiltzaren herritartasuna nabarmendu zuen atzo Loren Arkotxa auzipetuak, Bilbon, manifestazio jendetsuaren amaierako ekitaldian.
Euskal Herriko txoko guztietatik bildutako milaka lagunek salatu zuten Udalbiltzaren aurkako epaiketa Bilboko kaleetan; 13.000 lagun inguruk. Eta irudi horixe utzi zuen manifestazioak berak: Udalbiltza herriarena dela, eta herriek osatzen dutela Udalbiltza. Dozenaka eta dozenaka herriren izenek osatu zuten protesta.
17:30ean zen protesta egiteko ordua, Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari. Udalbiltza aske! lelopean, Casilla aurrean. Ordu erdi lehenago, multzoak osatzen hasiak ziren; txarteltxoen azpian jendea biltzen.
Eskuz eginak ziren txartelak. Herri bakoitzak berea zekarren. Getxo irakur zitekeen batean; Leitza bestean; Donostia, Tafalla, Biriatu, Hendaia, Urepele, Gasteiz, Errigoiti, Tolosa, Miarritze... Dozenaka izen, dozenaka alkate eta zinegotziren eskuk eutsita; dozenaka multzo, horien inguruan. Antzekoak ziren txartel gehienak, baina desberdinak. Zuriaren gainean hizki beltzez idatziak zituzten gehienek herriko izenak. Baziren landuagoak ere: atze urdina zuen baten batek, Udalbiltzaren ikur den Euskal Herriko armarri eta guzti. Bere herriko armarria jarria zuen besteren batek. Nork bere herrian eginda eraman zuen txartela. Izan zen ekarri ez zuenik ere, baina inprobisatu, kazetariari koadernoko orria eta boligrafoa eskatu, eta berehala egin zuen berea.
Manifestazioa, halere, herri horiek guztiak biltzen dituzten Euskal Herriko sei herrialdeetako armarri handiek zabaldu zuten. Horien atzean, auzipetuek eutsi zioten leloa zeraman pankartari. Auzipetuek, eta Xabier Alegriaren emazteak, Itziar Goienetxeak, preso duen senarraren argazkia eskuan zeramala. Atzetik, manifestazioari babes ematera joandako politikariak eta gizarte eragileetako ordezkariak. Bertan izan ziren, esaterako, EAko Pello Urizar, Ikerne Badiola, Unai Ziarreta eta Rafa Larreina; ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Rufi Etxeberria, Joseba Permach eta Jone Goirizelaia; Alternatibako Oskar Matute; Aralarreko Patxi Zabaleta eta Aintzane Ezenarro. EAJkorik ere izan zen: Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia eta Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkidea, kasu. Hainbat eta hainbat eragiletako ordezkariak ere han ziren.
Gehien oihukaturiko leloak Independentzia!, Udalbiltza aurrera! eta Euskal Herria aurrera! izan ziren.
Batasun hori goratu zuten Loren Arkotxa eta Maribi Ugarteburu auzipetuek manifestazioaren amaieran, eta bide horretan aurrera egiteko deia egin zuten. Espainia Udalbiltzaren aurkako auziaren gisakoekin «estatu totalitario baten jokabidea» izaten ari dela salatu, eta horri elkar hartuta aurre egiteko deia egin zuten.
«Lan instituzional demokratikoa bakean eta lasai egitea oinarri-oinarrizkoa» dela esan zuen Arkotxak, eta epaiketa ez zela egin behar uste duela iritzi publikoaren gehiengoak. «Hori erakusten jarraitu behar dugu; indarrak batzen, gaur hemen egin bezala».
«Gure etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabaki ahal izatea, gure instituzioak sortu eta garatu ahal izatea, horixe besterik ez dugu eskatzen», adierazi zuen. «Jarrai dezagun hori lortzeko bideak zabaltzen. Elkartuz, biltzen gaituena indartuz».