Gallardón legeari ez! Abortua libre, publikoa eta doakoa! Inprimatu
2014/06/30

abortatzeko eskubideaElkarretaratzeak: "Abortua libre, publikoa eta doakoa! ¡No a la ley Gallardón!
Ekainaren 30an, astelehena

BILBO: Plaza Eliptikan, 19:00etan
DONOSTIA: Bulebarren, 19:30ean
GASTEIZ: Andra Mari Zuriaren Plazatik Kalejira 20:00etan.
IRUÑEA: PP egoitzaren aurrean (Av. Carlos III) 19:30etan

Pasa den ostiralean Gallardonen legea Ministroen Kontseiluan aurkeztu ondoren uztailean legeak berehalako tramitazioa izango du Kongresuan. Gallardonen legearen berehalako tramitazioari erantzuteko, Euskal Herriko abortatzeko eskubidearen aldeko plataforma feministak, astelehen honetan, Ekainaren 30an, kalera ateratzeko deia egiten du. Emakumeon gorputzen gainean erabakitzeko eskubidearen alde dauden emakume eta gizonezkoei hauetara hurbiltzera animatzen zaituztegu!

Abenduan aurkeztu zenetik ozen eta irmo salatu dugu, legearen erreforma hau gure erabakitzeko eskubidearen aurkako erasoa dela, izan ere emakumeak ernaltze gordailu soil lez ulertzen ditu, beraien bizitzaren gainean erabakitzeko beste pertsona batzuen baimena behar dutenak. Gainera, legearen eduki ideologikoak biktima pasibo lez ikusten gaitu, eta ez erabakitzeko gaitasuna dugun subjektu aktibo bezala.

Gizarteko sektore gehienak agertu dira legearen aurka: gizarte eragileak, alderdi politikoak, komunikazio hedabideak…etab., bai hemen bai nazioartean. Europako muturreko eskuin kontserbadore eta integristenek baino ez dute babestu lege hau, Europako eta nazioarteko
erakundeen kritika gogorrak jasoz. Azken hilabeteetan herritarrek, mugimendu feministarekin batera, hainbat ekintza, manifestazio eta elkarretaratzetan argi eta garbi salatu dugu lege erreformaren aurka gaudela eta berriz ere, Rajoyren gobernuak herritarrak entzuteko beharra ahaztu egin du.

Mugimendu feminista hasi da antolatzen erresistentzia eta abortatu nahi duten emakumeenganako elkartasuna. Onartu nahi den legea, 2013an indarrean egon balitz, urte hartan estatu espainolean abortatu zuten 110.000 emakumeak delikuenteak izango ziren. Erreforma honek bereziki ondorio larriak izango ditu baliabide urriko emakumeengan, izan ere klandestinitatean baino ezin izango dute abortatu, bizitzak arriskuan jarriz. Bitartean, klase ertain-altuko emakumeak klinika pribatuetan abortatzen jarraituko dute, beti egin duten moduan. Azken finean, abortatu nahi duten emakumeek edozein kasutan egingo dute.

Rajoyren gobernuak bizitzaren defentsaz dihardu, zerbitzu publikoak suntsitu eta oinarrizko eskubideak erasotzen dituen bitartean, hala nola osasun publikoa, hezkuntza, pentsioak edota mendekotasunerako laguntza, besteak beste. Gu bai, gu bizitzaren alde gaude, horregaitik ama izan nahi dugunean izateko emakumeok dugun eskubidea defendatzen dugu, amatasuna aukera delako, ez betebehar bat.

Emakumeon eskubideak murrizten eta urratzen dituen lege erreforma honen aurrean:

  • Exijitzen dugu emakume ororen abortatzeko eskubidea osasun sare publikoan gauzatzea bermatzen duen legedia.
  • Uko egiten diogu emakumeen sexualitatea amatasunera mugatzeari. Legedi honek ziurtatu behar du gure gorputzaren gainean era askean erabakitzea eta gure sexualitateaz gozatzea. Sexu aukera guztietatik bizitako sexualitate askea defendatzen dugu. Hezkuntza eta informazio sexuala eta antisorgailuak doan eta aske eskuratzea eskatzen dugu.
  • Exijitzen diogu Eliza katolikoari bertan behera uztea emakumeon aurka abiatutako gurutzada eta okupatzeari uztea ez dagozkion espazio eta eztabaidak.

Abortua eskubide bat da, eta eskubideak ez ditugu negoziatzen.
Borrokan jarraituko dugu! Orain inoiz baino gehiago!

GORA EMAKUMEON BORROKA!!!