`Kuba, egiak eta gezurrak´: Mariela Castro, Aleida Guevara eta Claudia Camba: Donostian eta Getarian egongo dira ekainaren 7an eta 8an Inprimatu
2017/05/29

`Kuba, egiak eta gezurrak´ izeneko mahai-ingurua egingo da Donostian eta Getarian (ekainaren 7an eta 8an, hurrenez hurren), parte-hartzaile hauekin: Mariela Castro Espín, diputatu kubatarra eta `Sexu Hezkuntzako Zentro Nazionaleko´ (Cenesex) zuzendaria; Aleida Guevara March, mediku kubatarra, `Centro de Estudios Che Guevara´ erakundeko kidea eta Ernesto Che Guevararen alaba; eta Claudia Camba, `Un mundo mejor es posible´ fundazioko lehendakaria eta Kubako osasun- eta hezkuntza-arloetako misio solidarioen koordinatzailea Argentinan.

Bi ekitaldi horiek egun eta leku hauetan izango dira:

- 2017ko ekainaren 7an, asteazkena, arratsaldeko zazpietan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean (Urdaneta kalea, 9, 20006 Donostia).
- 2017ko ekainaren 8an, osteguna, arratsaldeko zazpietan, Getariako Ulpiano Etxean (Kristobal Balentziaga ibiltokia, 20808 Getaria).

Ekimena talde edo erakunde hauek antolatu eta babestu dute: Euskadi-Cuba, Komite Internazionalistak, Askapena, Getariako Eskubide Sozialen Karta, San Prudentzioko Lagunak eta Acesma. Talde horiez gain, talde politiko hauek ere babestu dute ekimena: Sortu, Ezker Anitza-IU, PCE-EPK, EK-PCPE, Ernai, Gazte Komunistak, GKK-CJC. 

Mahai-inguruen ondorengo egunetan (ekainaren 9tik 11ra), Bilbon izango dira hiru hizlariak, XIV. Kubarekiko Elkartasunaren Estatu mailako Topaketan. Topaketa hori Euskadi-Cuba elkarteak antolatzen du, eta bertan, Che eta Fidel omenduko dituzte aurten. 2017. urtean, hain zuzen, 50 urte beteko dira Che Guevara Bolivian erail zutenetik, CIAren agindua betez. Horrez gain, Cubainformación TV (www.cubainformacion.tv) komunikabide digitalaren 10. urteurrena ospatuko dute.