Mumia Abu-Jamal-en inguruko dokumentalaren emanaldia Bilbon Inprimatu
2015/12/07

BILBO. Mumiaren inguruko dokumental berri baten proiekzioa. Abenduaren 9an, asteazkenean 19:00etan. Zirika! herri gunean (Ronda kalea, 12)
Mumia Abu-Jamal, Pantera Beltz ohia, MOVE erakunde iraultzailearen aldeko kazetari eta idazle iraultzaile afroamerikarra dugu. EEBBetako Estatu polizialean horrelako pertsonek ez dute tokirik. Hain zuzen horregatik, 30, 40 edota 50 urteko espetxe zigorrak betetzen ari diren gizon-emakume iraultzaile andana dago. Horregatik 1981eko abenduaren 9an polizia zuri baten erailketa Mumiari leporatzeko kargu faltsuak sortu zituzten. Eta horregatik ere heriotzara zigortu zuten. 30 urte pasata, sententzia hura indargabetua gelditu zenean, astiro-astiro erailtzearren bizi osorako zigorra ezarri zioten.

Joan den martxoaren 30an, diabetesa zela hilzorian egon zen espetxe barruan. Azkenean, C Hepatitisa diagnostikatu zioten, gaixotasun hepatiko kronikoa garatzeko aukera zegoelarik. C Hepatitisa, 45 eta 64 adineko afroamerikarren artekoen heriotzaren kausa nagusia da, hain zuzen ere. Lehenbailehen, tratamendu eraginkor bat erabili ezkero, sendatzeko aukera badago. Birusa hilkorra dela jakinda, Pensilvaniako espetxeko autoritateek gaixorik ez dagoela argudiatuz, tratamendu oro ukatzen diote. Mumiak tratamendua aldarrikatzeko dei egiten du, ordea ez beretzako bakarrik, Pensilvaniako Estatuan gaixotasun berbera pairatzen ari diren beste 20.000 presoentzako ere baizik. Aldarrikapen honekin bat egiten dugu guk.

Horrelako egoera tamalgarrian, Mumia Abu-Jamalen izpiritu borrokalaria ez da itzaltzen. Baldintza kaxkar eta oztopo guztien gainetik boterearen aurka eta zapalduen alde idazten jarraitzen du. Beste preso politikoen askatasunaren alde ere bat egiten du, bai munduko preso politikoekin Mexikon, Kolonbian, Euskal Herrian edo Palestinan, eta baita Estatu Batuetan gatibu daudenekin: Ed Poindexter (Black Panther, 1970etik preso), Mondo We Langa (Black Panther, 1970etik), Herman Bell (Black Panther eta Black Liberation Army, 1971tik), Jalil Muntaquim (Black Liberation Army, 1971tik), Veronza Bowers (Black Panther, 1971tik), Albert Woodfox (Black Panther, 1972tik), Seth Hayes (Black Panther, 1973tik), Sundiata Acoli (Black Liberation Army, 1973tik), Leonard Peltier (1976tik), MOVEko 9ak (1978tik), David Gilbert (Weather Underground eta Black Liberation Army, 1981tik), Oscar López Rivera (Fuerzas Armadas de Liberación Nacional Puerto Rico, 1981etik), Mutulu Shakur (Black Liberation Army, 1986tik) eta abar luze bat.

Poliziaren indarkeriaren deuseztatzeari buruz, bere herrialdeko gazteri iraultzaileari zuzendutako liburuxka bat argitaratu berri du. Duela hilabete batzuk Writing on the Wall: Selected prison writing of Mumia Abu-Jamal (City Lights, 2015) liburua argitaratu zuen, eta hemendik gutxira bederatzigarren liburua argitaratuko du estatubatuar inperioari buruz: Muder Inc. Ikus dezakegunez, Mumiak ez du etsitzen eta nazioarteko erresistentzia antikapitalistari ekiten jarraitzen du. Zentzu horretan, 2011an atxiloketaren 30 urteak bete zirenean mobilizaziora dei egin genuen bezala, Euskal Herriko Mumiaren Lagunok eta Komite Internazionalistekin 34 urte bete diren honetan, Mumiari buruzko azken dokumentalaren proiekzioa antolatu dugu Zirika! herri gunean, abenduaren 9an, 19:00etan.


C Hepatitisa sendatzeko tratamendua lehenbailehen eman diezaioten aldarrikatzen dugu! Preso politiko guztiak askatu! Espetxeak apurtu! Mumia Abu-Jamal aske!