Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren Zuzendariari gutun irekia |
2015/09/18 | |||
Drone bikainek eta pelikula bikainek ez dituzte giza eskubideen urraketak zuritzen. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren edizio berriak argi eta garbi erakusten du, bertako zuzendaritzarekin izandako elkarrizketek ez dutela inolako eraginik izan, ez baita deus aldatu. Ez dugu inolako pelikula palestinarrik aurkitu -eta bertako okupazioa salatzen duen Israelgo edota beste edozein herriko zuzendarien pelikularik ere ez dugu topatu- baina, ohiko denez, pelikula israeldar batek parte hartzen du, Barash filmak, Lama Films eta Israel Film Fund (Zinema Israeladarraren Funtsa) taldeek ekoiztutakoak. Barash pelikulak, gainera, Jerusalem International Film Lab proiektuan parte hartu zuen, 2012 urteko aipamen berezia eskuratuz. Besteen artean, proiektu hau Israelgo Kanpo Arazoetarako Ministerioak babesten du. Barash pelikularen ekoizleetako bat den Israel Film Fund taldea, Israel Marka zabaltzeko arduraduna da. Urteko 6 milioi dolarretako aurrekontuarekin Israel Film Fund taldeak, hautatutako zine munduko proiektuak finantzatzen, laguntzen eta babesten ditu, besteak beste, pelikula hauen komertzializazioa eta zabalkundea indartuz. Funtsari esker, laguntza jasotzen dituen pelikula hauek nazioarteko zinemaldi handienetan parte hartzeko aukera dute. Israel Marka deitzen diogu, Israelgo Estatuak bere itxura demokratikoa indartzeko eta egiten dituen erailketak ezkutatzeko erabiltzen duen zinea, zein nahi direlarik pelikula horien zuzendarien nahiak eta iritziak. Eyal Sivanek (zinegile israeldarra) , 2006an eskaini zuen elkarrizketan esan zuen bezala, Israelgo Gobernuak zinearen erabilpen honi eutsi zion munduan zuen irudi eskasa hiru bideren bidez hobetzeko asmoz: kultura aurrerazalea deitzen zaiona sustatzea, borondate oneko enbaxadore gisara pertsonalitate ezagunak erabiltzea eta homosexualentzako hiri ireki gisara Tel Aviv munduan ezagutaraztea. Haifako Zinemaldian eman zuen hitzaldian, Shimon Peresek zinegile israeldarri zuzenduz zera esan zien: “Estatu Batuek beren kultura zienaren bidez inposatu dute, guk gure irudia gure pelikulen bidez ezarriko dugu, hori da zuen betekizuna”. Israelgo bandera ofizialaren pean atzerrian bere pelikula erakusten duen edozein zinegilek, jakin badaki bere lana Israelek propaganda gisara erabiliko duela, baita pelikula bera kritikoa den arren. Illan Pappe historialari israeldarrak azaldu duenez, frogatuta dago Nazioarteko Ekitaldietan parte hartzeko edota beren lana aurrera ateratzeko Estatuaren laguntza jasotzen duten idazle, zinegile edota artistek Israelen propaganda ofizialean parte hartzen dutela. Israel Markak Israel Estatua normalizatu nahi du, hau da, Israel Estatu demokratikotzat ikus dezagun lan egiten du, eta ez egunero Giza Eskubideak bortxatzen dituen Estatu gisara. Nazioarteko Legeriaz trufatzen den Estatua, zine palestinarra boikoteatzen duena, palestinar kultura suntsitzen duena, Palestinako herriaren aurkako erasoa indartzen duena edota erabat ilegala den Gaza blokeatzen duen politika kriminala inpunitate osoz eta mendebaldeko estatuen laguntzarekin bideratzen duen Estatua dela ahaztu arazi edota ezkutatu nahi du Israelgo Estatuak Israel Markaren pelikulen bidez. Genebako Konbentzioaren arabera, Nazioarteko Legeria eta Giza Eskubiden babesa berma dadin lan egin behar dute instituzio eta Estatuek ezinbestean, baina hala eta guztiz ere, inork ez dio zigorrik jartzen Israeli, frogatuta dauden krimenak egin dituen arren. Okerragoa dena, Israelgo Gobernuarekin lorturiko akordioak goraipatzen dituzte. Horregatik eta Estatuek Israelgo Gobernuarekin duten konplizitateaz jabeturik, Palestinako jendarteak 2005ean BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) izeneko nazioarteko kanpaina martxan jarri zuen, Palestinak bizi duen okupazio militarra eta apartheida salatzeko eta NBEren 194. ebazpena bidera dadin, errefuxiatuek etxera itzultzeko aukera izan dezaten. Zinemaldiko Zuzendaritza ez dator bat adierazpen askatasunaren aldekoa ere den boikoterako dei honekin, eta palestinarrek bizi duten askatasun faltaren (ez adierazpen mailakoa soilik) edota Israelek bideratzen duen Palestinako kulturaren aurkako boikotaren aurrean ezikusiarena egiten du. Duela gutxi, adibidez, AEBek eta Israelek debekatu zioten Amer Shomali zinegile palestinarrari, New Yorken estreinatzen zen bere pelikularen ekimenean parte hartzea, Human Rights Watch GKEren Nazioarteko Zinemaldian. Bide beretik, Israelek lortu zuen Suitzan beraien pelikulak aurkeztu behar zituzten zinegile palestinarrei sarrera ukatzea eta Jerusalemgo Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia zigortu zuen. Israelek bideratzen duen zentsurak, okupazioarekin kritiko diren zinegile israeldarrei ere eragiten die. Avi Mograbi edota Eyal Silvenen lanak, adibidez, ez dira Israelen ikusten, ez baitira zirkuito komertzialetik banatzen. Eta, Haim Bresheeth, zinegilea bera eta zine israeldarrean aditua, East Londoneko Unibertsitateko Kultur eta Ikus-Entzuteko Ikasketan katedratikoak, intelektual antisionista kritikoen aurkako “terrorismo kultura” israeldarra salatu zuen elkarrizketa batean. Berak azaldu zuenez, aipatu “terrorismoa”, intelektual inkomodoak isiltzeko asmoz hauek pairatu behar izaten duten “zentsura, boikota eta bazterketa mediatiko, editorial eta akademikoan” islatzen da. Eta, hala eta guztiz ere, berak zioenez, israelgo intelektual bakar batek ere ez du inoiz palestinarrek jasan behar izan dutena bizi: ez gara torturatuak izan, ez gara gure iritziengatik espetxeratuak izan... baizik eta alde egin behar izan dugu. Bere kasuan, Bretainia Handian errefuxiatu zen, Négueveko Sapir Collegeko Kultura, Zine eta Hedabideen Ikasketa arloan eskolan zuen zuzendari postua utziz. Honengatik guztiarengatik, Zinemaldiak Israel Marka bultzatu beharrean, alboratzeko nahiko arrazoi dituela uste dugu. BDZ kanpainaren izenean, Barash pelikula Zinemalditik kendua izan dadin eskatzen dugu, ez zuzendaria israeldarra delako, baizik eta Israel Film Fund (Israelgo zine funtsa) entitateak hautatu eta finantzatu duelako. Aldiz, ez dugu Sapir Collegeko zine eta ikus-entzuteko eskolako Nitzan Zifrut zuzendari israeldarraren Kav Hebron/Stationed laburmetraiaren aurkako boikotik eskatzen, bere filma ez baita Israel Markakoa, ez baitu Israel Film Fund entitatea edota antzeko beste instituzioen zuzeneko diru laguntzarik jaso. Zine palestinarra ez kontuan hartzea, aukera politikoa da, ez kulturala
Palestinarekiko Elkartasun Taldea
|
+Video