[Berria] Gizarte gaietan aritzen diren Gipuzkoako hamasei elkartek elkar hartu dute, errefuxiatuen harrera bultzatzeko asmoarekin. Gipuzkoa Solidarioa plataforma sortu dute, eta adierazpen bat taxutu, erakundeei erantzukizuna eskatzeko. Besteak beste, ohartarazi dute Europako Batasunak zuzeneko zerikusia duela errefuxiatu horiek beren herrialdeak utzi behar izatearekin. Harrerari dagokionez euskal erakundeak «bide onean» ari direla adierazi du SOS Arrazakeriako kide Gerardo Karrerek, baina nabarmendu du oinarritik egin behar zaiola aurre egoera horri, bestela ezinezkoa delako arazoari irtenbidea jartzea.
Erakundeen eta iritzi publikoaren agendan orain lortu du lehentasuna, baina plataformak nabarmendu du arazoa ez dela oraintxe sortu. Bide horretatik, Europako Batasunak izan duen jarrera salatu dute. Haien iritzirako, «usteltzen» utzi du errefuxiatuen gaia, «aurpegian lehertu zaion arte».
Lehen pauso gisa, hortaz, ardurak hartzeko eskatu diote batasunari. Plataformaren ustez, Europak «erantzukizun politiko larriak» ditu iheslarien herrialdeetako «gatazka askoren sorreran eta bilakaeran». Harreman ekonomikoak aipatu dituzte adibiderako, eta herrialde horiei armarik ez saltzeko eskatu diete estatuei.
Bigarrenik, nazioarteko hitzarmenen altzoan, Europako estatuei eskatu diete emateko asiloa baldintzak betetzen dituztenei. Hori bideratzeko, besteak beste, proposatu dute enbaxadetan aukera jartzea asiloa eskatzeko eta Europara iristeko garraioa jartzeko. «Mafiei aurre egiteko» modu egokiena hori dela diote elkarteek.
Hirugarren pauso gisa, egoera irregularrean dauden migratzaileei paperak emateko eskatu dute, hori delakoan «prekaritatea, esplotazioa eta pertsonen trafikoa borrokatzeko» modurik onena. Ez dute ontzat jo hainbat erakundek aipatutako dei efektua; hots, etorkinei paperak emanez gero, are gehiago etorriko direla. «Ate guztiak itxita ere, jendeak etortzen jarraituko du». Bide arautuak jartzea nahi dute elkarteek.
Etzi, manifestazioa Euskal erakundeekin harremanetan dira errefuxiatuen harrera bideratzeko. Neurriak ontzat jo dituzte. Hala ere, Karrerek ohartarazi du «politika aldaketa sakona» behar dela, arazoa oinarritik konpontzeko. Jatorrizko herrialdeetan egin behar da lan, elkarteen iritziz, baina instituzioak ez dituzte ikusten norabide horretan. Etzi bilera dute Europako agintariek, eta manifestazioa egingo dute Donostian errefuxiatuen alde. 19:00etan hasiko da martxa Artzain Onaren katedral aurrean.
|