Gose greba amaitu dute Urmiyeko gartzelan |
2014/12/23 | |||
Irango Kurdistanen dagoen Urmiyeko kartzelako preso politiko kurduek 33 egunez burutu duten gose greba bertan behera uztea erabaki dute gaur bertan. Kartzelako agintaritzatik bere eskaerak betetzeko konpromisoa lortu dute eta horrezkero bere protestaldia bertan behera uztea erabaki dute. Horrez gero, Herri Kurduarekin Elkartasuna Ekimenako bi emakume kurduek Bilboko Plaza Biribilean burutzen ari ziren gose greba ere bertan behera uztea erabaki dute. Halere, bere horretan mantentzen dugu biharko (abenduak 24) deitu dugun elkarretaratzea Bilbon Plaza Biribilean arratsaldeko 18:00etan. Hemen daukazue Urmiyeko preso politiko kurduek idatzitako agiria: Gure herriari eta iritzi publikoari, Urmiyeko kartzelan gauden preso politikoek 33 eguneko gose greba burutu dugu, 2014ko azaroaren 20an hasita, gure giza eskubideak eta aldarrikapenak errespetatuak izan daitezen eta Irango Errepublika Islamikoak behingoz amaitu ditzan kartzeletan burutzen diren torturak. Burutu dugun 33 eguneko gose grebaren ondorioz, Irango Errepublika Islamikoak gure eskaera nagusiak onartu ditu, hasteko, kartzeletan zenbait aldaketa egin ditu: 40 preso, indarkeriazko erailketengatik kondenatuak, gu gauden ziegetatik atera dituzte. 12 preso politiko, aurretik sakabanatuak izan direnak, berriro preso politikoekin bildu dituzte. Kartzelako agintariek gure beste eskaerak betetzeko konpromisoa hartu dute gose greba bertan behera utziz gero. Preso politiko guztien izenean, eskerrak eman nahi diogu mundu osoan dagoen gure jendeari bere ekintzengatik eta baldintzarik gabeko laguntzagatik, eta gurekin batera zutik egoteagatik denbora osoan. Agur bero bat, Urmiyeko kartzelako preso politikoak (Irango Kurdistan) Astelenena, 2014/12/22
|
+Video