2014/11/18 |
Bizkaiko BDZ Nodoa osatzen dugun herri mugimendu eta gizarte zibileko erakundeek gogor eta ozen salatu nahi dugu Bilboko alkate den Ibon Aresok Israelera egin duen bidaia, Israeli Building Centerek antolaturiko Israelgo Higiezinen Sektorearen Urteroko Kongresuko ohorezko hizlari moduan.
Israelek etenik gabeko politika kolonialista eta espantsionista bat gauzatzen du Palestinako lurralde okupatuetan, jadanik lur palestinarretan 800.000 kolonotik gora egotera heltzeraino; datu honek argi erakusten du nola garatzen duen Israelek bere hirigintza. Bilboko alkatearean presentziak Kongresu honetan politika horiek zilegi egiteaz gain, kolonizazio honen gaizkide bihurtu egiten du, hura sustatuz.
Herri palestinarraren giza eskubideak urratu eta nazioarteko legediari muzin egin dion herrialdea da Israel, bere sorreratik bertatik. Joan den uda honetan bertan bi mila pertsonatik gora erail zituen sarraskia gauzatu zuen Gazan, herena baino gehiago umeak zirelarik. Honen guztiarengatik, lotsatu egiten gaitu Bilboko alkate den Ibon Aresok Israelera eginiko bisita, eta, gure aldetik hura irmo salatzeaz gain, euskal herritarrei dei egiten diegu salaketa honekin bat egin dezaten.
Bizkaiko BDZ Nodoa
|