Indar Baskoniak eta Sareak Maccabiri bizkarra emateko deia egin dute Inprimatu
2013/10/15

Maccabi boikotDatorren ostegunean, hilak 17, Tel Aviveko Maccabik Gasteizen jokatuko duen partidaren harira Indar Baskonia zaletu taldeak eta Sareak (Euskal Herriko Palestinarekiko Elkartasun Sarea) Israelgo delegaritzaren aurkako gaitzezpena adierazteko deia egin diete Zurbanoko pabilioira joango diren zaletuei. Gaitzezpen hori keinu sinboliko, xume eta ikusgarri batez adieraztea proposatzen dute: partida hasterakoan, jokalariak kantxara ateratzen direnean, kantxari bizkarra emanez. Halaber, 19:48 minutuan banatuko dituzten 1000 bandera aireratzeko eta bizkarra emateko gonbitea egin dute, 1948an Israelek abian jarri zuen garbiketa etnikoa salatzeko. Bestalde astean zehar zeinbat protesta ekitaldi antolatu dituzte, hala nola; Palestinan izandako brigadisten hitzaldia, asteazkenean, 19:00etan, Garraxi tabernan; eta ostegunean, 12:00etatik 19:00etara, elkarretaratze iraunkorra Andra Mari Zuriaren plazan. Ekimen horien bitartez salatu nahi dute Maccabik 2009an Israelgo armadak burututako "berun urtua" operazioarekin dituen harremanak eta Israelgo kirol enbaxadoreari ematen zaion harrera normalizatua. Ekimenok Nazioarteko BDS (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak, eta Zigorrak) mugimenduak Maccabiren aurka bultzatutako mobilizazioen baitan kokatzen dira.

 

Maccabi boikotEman bizkarra Maccabiri. Israeli Boikot
Tel Aviveko Maccabi berriro izango dugu Gasteizen bisitan, bigarren aldiz urtebetean. Berriz ere Israelgo diplomaziak harro baliatuko ditu bere enbaxadore mediatikoenak estatu normalizatuaren itxuraz agertzeko mundu aurrean. 2009ko urtarrilean talde makabiarrak bere izar nagusiak jarri zituen armada sionistari babesa emateko propaganda kanpainia baten zerbitzura, bitartean ejerzitoak erruki gabeko erasoan ziharduen Gazako populazio babesgabearen kontra. Egun, ezer gertatu ez balitz bezala, gure herrian dauzkagu berriz euren inpunitatea erakusten. “Berun urtua” izeneko operazio militarrean, Maccabi taldearen babes publikoa jaso zuen horretan, Gazako zerrendako 1500 biztanletik gora garbitu, milaka zauritu, eta milioi eta erditik gorako lagunen bizitokia birrindu egin zuten. Gerora NBEak Palestinan duen Giza Eskubideetako Kontalariak, Goldstone txostenean, gerra krimen izendatu zuen eraso hura. Izendapen horren ondorioz egiaztatzen da Maccabi taldeak babes intelektuala eman diola gizateriaren aurkako krimen bati.

2005ean Palestinako gizarte zibileko 200 eragile inguruk Israelgo apartheidaren aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren nazioarteko deialdia jarri zuten abian. Geroztik Maccabi taldea kanpaina horren jomugan izan da, izan ere, lotura zuzena dauka ordezkatzen duen estatuak burutu dituen krimenekin, eta babes publiko esplizitua eman dio armada sionistari. Ejerzito horren jarduna mehatxugarria da Ekialde Hurbileko bakerako, garbiketa etnikorako politika daramate Palestinan, eta inguruko eskualdeko gatazketara ere zabaldu dituzte euren eskuartze inperialistaren garroak. Mundu osoan bezala Euskal Herrian ere bat egin dugu armada sionistarekiko horren harreman estuak dituen klubaren aurkako boikot deiarekin, eta ondorioz, gure eskura dauden baliabide guztiak erabili ditugu Israelgo kirol enbaxadoreari harrera normalizatua egin ez diezaioten. Baskoniako zuzendaritza eta gerentziarekiko harremanak izan ditugu, Udalean zein Arabako Batzar Nagusietan Maccabirekiko partidak gaitzesteko mozioak aurkeztea ahalbidetu dugu, mobilizazioak eta protesta ekitaldiak antolatu ditugu, Zurbanoko pabilioira ere protesta ikusgarriak eraman ditugu, eta beharrezkotzat jo dugunean desobedientzia zibilaren bidea ere jorratu dugu. Urtetako jarduera horretan bateko eta besteko erantzunak jaso ditugu. Erakundeen erantzuna salbuespen egoera ezartzea izan da, partidaren egunean zein aurrekoetan (manifestazio baketsuak debekatu dituzte, guztiz legala zen materiala kendu egin digute, ekintzaileak eta zaletu konprometituenak ilegalki atxilotu eta zenbaitetan jipoitu ere egin dituzte). Bestalde, zaletuen erantzuna guztiz bestelakoa izan da, harrera beroa eta parte hartzailea egin diete beti bisitari sionisten aurkako protestaldiei. Horrek guztiak erakusten digu aldarrikapen politikorako bide legal guztiak itxi badizkigute ere, zilegitasun moralaren dema irabazi egin dugula.

Beraz, oraingo honetan ez dugu joko erakundeetara jokaera bidezko baten bila, izan ere, dagoeneko erakutsi digute ez daukatela inongo kode etikorik, ekintzaz edo utzikeriaz Israelgo estatua normaltasunez erakusteko kirol ekitaldi hori baimendu dutelako behin eta berriro. Oraingo honetan hiritarrei zuzentzen diegu gure deia, saski baloi ikuskizun eder batez gozatu nahi izanagatik Maccabiren lotura kriminalekin kezkatuta daudenei, giza eskubideekiko begirunez horrelako propaganda ekitaldia normaltasunez onartu nahi ez dutenei. Dei egiten diegu euren gaitzezpena adieraz dezaten keinu xume batez: Partida hasi aurretiko minutuetan, Maccabiko jokalariak kantxan sartzearekin batera, bizkarra eman diezaieten eskatzen diegu, eta erakus dezaten atzera begira jarriz. Halaber, eskatzen diegu keinu hori errepikatzea eta Palestinako bandera aireratzea 19:48 minutuan, izan ere, keinu horren bidez oroitu nahi dugu 1948an, Israelgo estatua sortutakoan, Palestinako herriaren hondamendia hasi zela. Bi keinu xume horien bidez erakutsi nahi diogu Israelgo delegaritzari Gasteizen ez dugula ez ikusiarena egiten euren krimenen aurrean.

Dei hori eginez Indar Baskoniak eta SAREAk[1] (Euskal Herriko Palestinarekiko Elkartasun Sarea) Nazioarteko BDS mugimenduaren eta Palestinako gizartearen beraren aldarriarekin bat egiten dugu.

 


[1] SAREA honako eragile hauek osatzen dute: Askapena, Komite Internazionalistak, Sodepaz, Paz con Dignidad, Red Mewando, Palestinarekin Elkartasuna, Iruñea Contra las Guerras, Gazte Mugimendua, Ikasle Abertzaleak, LAB, Sortu, Aralar, Alternatiba, Eusko Alkartasuna.