UHintifada 325: Ahed Tamimi: «Nire kasua ez da berezia. Emakume palestinar borrokalarien tradizio luze bateko jarraitzailea naiz» Inprimatu
UHintifada
2018/10/15

TamimiAste honetako atalean eskainiko dizuegu; tzulpen, bikoizketa eta edizio lan neketsu baten ostean; duela aste batzuk Uhintifadako mikrofonoetan Ahed Tamimi (Nabi Saleh, Palestina 2001) ekintzaile palestinar gazteari egin genion elkarrizketa. Azken urtean nerabe palestinarra okupazioaren aurkako erresistentziaren ikono bilakatu da, bere etxeko atarian soldadu bati zaplaztekoa eman zioneko bideoa munduko sare sozialetan lau haizetara zabaldu ostean. Okupazio armadak Tamimiren 15 urteko lehengusu bati, Mohammedi, tiroa buruan jaurti eta zauri larriak eragin zizkionetik ordu batzuetara jo zion belarrondokoa neskatilak uniformatuari. Gertaeraren irudien hedapenak epaitegi militar baten aurrera eraman du nerabea. Bertan 12 salaketari egin behar izan die aurre, eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra betearazi diote. Espetxetik atera eta gutxira Europan zehar ari da biran, bere kasua eta Israelgo presondegietan dauden beste ehundaka adin txikiko palestinarrenak azaltzen.

Valentzian agerraldia egindakoan aukera izan dugu harekin solasaldi laburra egiteko. Horretarako ezinbestekoa izan da bira antolatu duen Unadikum erakundearen eta Valentziako BDZ taldearen bitartekaritza lana. Halaber, eskertzekoa da Jihad Mohammed Issaren lana, Gasteizen erbesteratutako errefuxiatu palestinar horrek egin baititu elkarrizketatzaile eta itzultzaile lanak.

Bere jardunean Tamimik azpimarratu du bere kasua ez dela bakarra, aitzitik, ehundaka ume palestinarrek pairatzen dituzte egunero antzeko egoerak, eta berak jaso duen elkartasun berbera exijizen du adin txikiko horientzat guztientzat. Halaber, emakumezko palestinar borrokalarien tradizio luzea aldarrikatu du, eta bera ere tradizio horretako jarraitzailea dela aitortu du. Bestetik, ukatu egin die edozein zilegitasunik Israelgo epaitegi militarrei, bere kasuan bezala, Palestinako hiritar zibil guztiek epaiketa militarrei aurre egin behar izatea ilegala baita. Era berean, salatu du okupazioaren menpe ezin dela justiziarik izan.