Herri mobilizazioaren gainetik, CETA onartu da Diputatuen Kongresuan, Europar Batasuna eta Kanadaren arteko merkataritza askeko ituna Inprimatu
2017/07/03

Merkataritza Askeko Itunek, merkatu globalari geratzen zaizkion muga eta oztopo urriak ezabatzeko helburua dute. Ez dira zerga edo arantzelak salgaiei jaisteko hitzarmen hutsak: legediak parekatzeko, pertsonen eskubideak babesten dituzten arauak ezabatzen edo leuntzen dituzte. Hitzarmenek askatasuna eta aurrerapena ekarriko dituztela saltzen digute, baina merkatu global horretan nortzuk eta nora esportatzen duten (eta beraz, nortzuk ez); nor lehiatu daitekeen (eta, beraz, nor pertsiana jaistera behartuta ikusi); non (eta zein baldintzetan eta ze prozesu jarraituta) produzitu eta non (zenbat, ze kalitaterekin eta ze preziotan) kontsumitzen den kontuan hartu behar dugu. Hala eginez gero, agerian geratzen baita merkataritza askeak korporazio handientzako bakarrik dituela onurak, eta herritarrak direla zuzenean euren eskubide sozial, politiko zein ingurugiroarekikoak kaltetuak ikusten dituztenak.

Ezin dugu ahaztu merkantzien zirkulazioari mugak ezabatzeko prozesu hau, Europa eta mundu osoan zehar pertsonen mugikortasuna saihesteko harresiak eraikitzen ari den une berean geratzen ari dela. Merkatuak pertsonek baino eskubide gehiago dituzten prozesu batean urrats bat gehiago dituzten mundu bat eraikitzen duen prozesu neoliberalean urrats bat gehiago dira Hitzarmen hauek.

Ez gara CETAk herritarrontzako dakartzan kalteak zerrendatzen luzatuko: bere onarpen prozesua salatu nahi dugu gaurkoan. CETA benetan herritarrontzako onuragarria balitz... onartzeko prozesua bestelakoa izango litzateke.

Baina 2009an Europar Batasuna eta Kanadaren artean hasi zen negoziazio-prozesua sekretupean izan zen. Herritarrek demokratikoki aukeratutako eurodiputatuek beraiek ez zuten edukien berririk izan akordioa itxi zen unera arte. Otsailaren 15ean onartu zuten Europar Parlamentuan, diskrezio osoz, PNV, PSOE, PP eta UPN-ren aldeko bozkekin. Espainiar Estatuan berretsi behar zenean, Unidos Podemosek planteatutako konstituziokontrakotasuna ahalik eta azkarren eta ahalik eta zarata gutxiena aterata gainetik kendu zuten maiatzean. Gaur, udako lasaitasunak babestuta eta presaka, Diputatuen Kongresuan onartu dute. Behin PP-k gehiengoa duen Senatuan onartuta, gure eskubideen salerosketa burutuko da.

179 bozka alde (PP, PNV eta PdeCAT), 79 abstentzio (Unidos Podemos, EHBildu, ERC eta Compromís) eta 81 abstentzioa (PSOE). PP eta EAJ-ren kasuan, ez da aldaketarik egon: kapitalari beti bezain leial. EAJ-ren kasuan, hor dabil, autogobernua gora eta behera, baina subirautza enpresei salduz! PSOEri dagokionez, urte hauetan babestu ostean, abstentziora jo du lehen aldiz. Gehiago espero genuen bere “ezkerrekotasuna” azkenaldian hainbeste aldarrikatzen duen alderdi batetik. Are gehiago, aldez aurretik jakinda, bere abstentzioak hainbeste jokoan jartzen duen Itun baten onarpena bermatuko zuela. Euren esanetan, merkataritza askeko itunen kontra ez daudela argi utzi nahi dutelako jotzen dute abstentziora ezetzera beharrean. Ez al da ba izango, ez daudela Merkataritza Askeko Itun HONEN kontra? Argia dagoena da, egiaren orduan, gauzak aldatzeko aukera dagoenean, hirurek erregimena sostengatzeko bat egiten dutela.

Horregatik, CETAri berriro ere gure kontrakotasuna azaltzeko, TTIP-CETAren Kontrako Plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, bihar ekainaren 30ean, 19.00etan Arriagan kontzentrazioa deitzen dugu.

Pertsonak eta bizitza kapitalaren aurretik! Herriok Erabaki!
CETAri EZ!

Euskal Herrian TTIP eta CETAri ez! eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta