Al-Nakba: 60 urtetako genozidioa Palestinako herriaren aurka - Kontraportada |
JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL Samia Shannan, emakume palestinarra: "Palestinan bizitzea eustea da”Hiru urte zituela, Samia Shannan-ek Palestina utzi egin behar izan zuen, familia osoarekin batera, 1948ko okupazioak eragindako egoera ekonomiko latzatik ihesian. Urte hartan, Israelek, NBEaren onespena lagun, Palestinako lurraren %52 okupatu eta ehundaka mila palestinar euren lur eta etxeetatik bota zituen soinean zeramatena besterik ez zeukatela eta erbesteratu bilakatu zituen. Berez kaxkarra zen egoera ekonomikoak okerrera egin zuen. Ez zegoen lanik, ez dirurik, ezta aurrera ateratzeko aukerarik ere. Zenbait urte geroago eta asko borrokatu ostean, herrira itzuli eta Ramallah-n familia bat osatzea lortu zuen. Jarraian, administratiboki Jerusalem aldekoa den bere etxe berritik gure galderei erantzungo dizkie. Israelek palestinarrei ezartzen dizkien trikimailu burokratikoak direla medio, asko euren eskubide legalak galtzen ari dira eta horrexek hain zuzen bultzatu ditu gaur egungo bizilekura. Zer sentitzen du ama batek bere alabak okupaziopean hazi behar direla ikustean? - Gure familia zorionekoa izan dela uste dut. Hezkuntza ona eman ahal izan diegu alabei eskolan zein unibertsitatean, eta familiatik gertu hazi ditugu. Esan beharra dago, halaber, gure alabek okupazioak eragiten dituen sufrimendu eta samina ikusi dituztela gertu-gertutik, hala nola, kartzelaratutako senideak, hil zorian daudenak, manifestazio batean eraildako ikaskideak, unibertsitateko lagun atxilotuak, itaunduak, zigor handiak ezarritak, kalean balaz erailak… amonaren etxea inbaditu zutenekoa. Etxeratzeko aginduak; egunak eta egunak etxetik atera ezinik, eta terrazara ateratzearen ere beldur; amonarenera joaten garen bakoitzean check-pointak zeharkatu behar izatea; zuzenean pairatzen ditugun jazarpenak zein beste batzuek nola pairatzen dituzten ikusi behar izatea; 2002ko inbasioan tankez inguratuta izan genuen etxea ia hilabete batez; inbasioaren ostean kalera atera eta Ramallah guztiz birrinduta ikustea… nire betiko beldurra zera da, ez ote zaien noizbait haiei tokatuko. Palestinarrak diren aldetik ezin dut ekidin –eta ez dut nahi– zenbait jardueratan parte har dezaten, baina, aldi berean atxilotu ditzaten beldur naiz beti, edo zer edo zer larriagoa egin diezaieten. Zer da zure herrian gustukoen duzuna? -Batzuetan uste dut gogorregia dela bere seme-alabekin, hemen bizitzeak dakarren samin eta sakrifizioaren truke Palestinak gehiago maite beharko gintuzkela. Egoera hau amaigabea da. Ezingo gaituzte inoiz ere akabatu eta guk ez dugu sekula amore emango. Beharbada, egungo mundu ordenean zerbait aldatuko balitz, eta nazioarteko komunitateak eta haren erakundeek egoera honi amaiera emateko esku hartuko balute, normaltasunez bizi gintezke. Baina hala eta guztiz ere beti izango naiz leku honi lotuta. Edonora bidaiatzen naizenean, berehala sentitzen dut bueltatzeko grina. Palestinan, edozein egoeratan zaudela, beti izango duzu zutarren laguntza (sendiarena, lagunena, eta ezagunena ere). Nolakoa da amesten duzun Palestina? - Herrialde laiko bat, benetako demokrazian (ez estatubatuarrek egurrez ezarri nahi diguten sasi-demokrazia). Munduari irekitako herrialde bat, non munduko edozein hiritar lasaitasunez eta pakean bizitzera etor daitekeen; hemengo biztanleen oinarrizko beharrak bermatzen dituena, hezkuntza, etxebizitza eta lana. Batetik okupaziotik libratu beharko ginateke eta bestetik palestinako agintearen ustelkeriatik. Utziko al zenuke Palestina? - Ez, nire sorterria da eta. Nire eginbeharra da hemen bizitzea, izan ere, hemen bizitze hutsa ere erresistentzia da neurri handi batean. Haiek jenderik gabeko lurra nahi dute eta gure eginbeharra da ez dezatela lurra errez bereganatu. Jakina, mundutik jasotzen duten babesak gu gogaitzen laguntzen die, alegia, lurra lapurtzen, edozein ekonomia propioaren garapena eragozten, gure bizitzako alderdi guztiak kontrolatzen… baina haien asmoak oztopatu behar dizkiegu. Egoera ekonomikoa dela eta, gutako batzuek aldi batez lan bila, goi mailako ikasketak egitera, edo beste edozein arrazoia dela medio alde egiten badute ere, itzuli behar dugu beti. Eta itzultzen garen bitartean sartzeko eskubideari eutsiko diogu, ugazabek ematen diguten erresidentzia eskubideari, alegia. Izan ere, eskubide hau galduz gero ezingo ginateke berriro sartu. Horixe irakatsi nahi izan diegu gure alabei, eta oker ez ba nago, uste dut lortu izan dugula. Izurrite palestinarra[Santiago Alba Rico] Zaila da zalantzan jartzea palestinarrak, herria baino, izurritea, garatxoa, orbana direla. Adostasuna ez da inoiz horren aho betekoa izan: denak bat datoz, garatxoa erre egin behar da, gizateriaren gorputzetik erauzi behar da, mapatik ezabatu behar da. Denak: Israel -noski-, palestinarren izateak berak bere biziraupen gaiztoa mehatxatzen duelako; AEBak, palestinarrek euren hedapen inperialista oztopatzen dutelako; EB, palestinarren justizia aldarrikapenek enbarazu egiten dietelako; gobernu arabiarrak, palestinarren saminarik gabe hobeto menderatuko lituzketelako euren herriak; eta Palestinako hainbat agintari politiko ere, herritar palestinarrak traba baino ez direlako euren errendizio interesatu egitasmoak burutu ahal izateko. Erromar zirkoan, eta botoa sekretua balitz, munduko nazioen %90ek begi onez ikusiko luke palestinar guztiak behin-betiko garbitzea. Denek hartuko lukete lasaiago arnas azken palestinarrarekin batera, muturreko injustizia bermatzeko, etengabeko krimena burutzeko beharra desagertuko balitz. Ongi dakite palestinarrek, desagertu ezean, inongo amore ematek ez dituela haien arerioak asetuko. Negar egiten badute, negarretan dauden bitartean akabatuko dituzte; erregutzen badute, mespretxuz hilko dituzte; belaunikatzen badira, belauniko garbituko dituzte. Horrexegatik, palestinarrek ez dute negar egiten, ez dute erregutzen, eta zutik diraute. Duintasuna izurrite bat da, garatxo bat, orban bat. Defendatutako teilatu bakoitzak, berreraikitako horma bakoitzak, birlandatutako olibondo bakoitzak, landatutako tomate bakoitzak, hondakinen artean erditutako haur bakoitzak, eta ezkutu bihurtutako ama bakoitzak, duintasunez kutsatzen dute behin eta berriz Palestinako lurra. Eta zutitzen diren bakoitzean –minuturo-, duintasun-kutsatzaileak amorruz fumigatzen ditugu, misilez, gizatasunik gabeko mundu baten garbitasuna berreskuratzeko ahaleginetan, alferrik. Palestinako egoeraz zerbait entzun edo ikusten dugunean, berehala laguntzeko gogoa pizten zaigu. 'Zer egin dezakegu egoera honen aurrean?' Kontuan hartuta bakoitzaren asmo onak eta bakoitzak ahal duena eman dezakeela, asko dira egoerari buelta emateko martxan jarri ditzakegun neurriak: mobiliza gaitezke, kalera irten eta gure agintariei neurriak hartzeko exijitu, egunkarietan kexak idatzi, salatu, Palestinako egoeraz informatu, Palestinako egoera bertatik bertara ezagutu… eta boikota ere erabili dezakegu israeldar gobernua zein jendartea presionatzeko neurri giza, Palestinaren aurkako sarraskiarekin bukatzeko. 2004. urtean "Israelen aurkako zigor, boikot eta desinbertsio kanpaina" hasi zen Palestinan. Mundu guztian, Palestinarekin elkartasuna lantzen dugun erakundeok horretan lanetan ari gara. Israeleko talde antisionistek eta palestinako herriak bultzatutako kanpaina dugu. Boikot hau arlo guztietan egin liteke: boikot ekonomikoa, kulturala, akademikoa. Aukera bat da Israeleko produktuak ez erostea. Erakunde akademikoak Israeleko erakunde edo unibertsitateekin elkarlanean ez aritzea. Boikota hitzaldi, kultur ekitaldi edo kirol ikuskizunetara luzatu liteke. Boikotak Hego Afrikako sistema arrazista suntsitzeko erabili zen, eta emaitza onak eman zituen. Zergatik ez Israeli derrigortu? |
+Video