| DTPko 84 alkate eta politikari kurdu atxilotu ditu Turkiako Poliziak |
|
|
|
| 26/12/2009 | |||
|
[Berria/Urtzi Urrutikoetxea] Turkiako Poliziak 84 alkate eta politikari atxilotu ditu herenegun hasi eta atzo jarraitutako operazioan. Hiri eta barrutietako alkateak dira asko; berriki debekatutako DTP Gizarte Demokratikorako Alderdikoak eta haren ordez sortutako BDP Bake eta Demokraziaren Alderdikoak asko, eta giza eskubideen eta bestelako erakundeetako kideak beste hainbat. Diyarbakirren milaka lagun bildu ziren atzo goizetik, egun osoan atxilotuak aska zitzatela eskatzeko. Kurdistango egoera egunik egun gaiztotzen ari da, eta gutxik sinesten dute honezkero Ankarako gobernuak iragarritako bake ekimenean. Diyarbakir, Siirt, Urfa, Mardin, Sirnak eta Batman hirietan egindako atxiloketetan bederatzi alkate eta dozenaka politikari eta ekintzaile atzeman dituzte. Diyarbakirko Fiskaltzak «PKKren hirietako sarea hausteko asmoz» agindutako operazioa Ankara eta Turkiako zenbait hiritara ere iritsi da. Kurdistango politikari eta ekintzaile garrantzitsuenetakoak daude preso: Hatip Dicle DTPko bozeramailea -Leyla Zana Sakharov sariaren irabazlearekin batera hamabost urtez espetxean egona, 1993an Parlamentuan kurdueraz egiteagatik-, Giza Eskubideen Elkarteko lehendakariorde Muharrem Erbey eta Cizre, Siirt, Batman, Viransehir eta beste hainbat udalerritako alkateak. Abdula Demirbas ere, Euskal Herrian sarritan egon izan den Diyarbakirko Sur udaleko auzapeza, atxilotuen artean dago.Protestak Milaka kurdu irten ziren atzo protestatzera. Diyarbakirren hamar mila lagun bildu ziren epaitegiaren aurrean goizean goizetik. Osman Baydemir alkateak esandakoaren arabera, «oso arduratuta» daude beren herri administrariek jasandako atxiloketengatik. Nazioarteko erakundeei ere dei egin zien Kurdistango hiriburuko auzapezak: «Iritzi publikoak eta tokiko gobernuetako erakundeek ez lukete mutu egon beharko Turkiako prozesu antidemokratiko hauek ikusita. Horregatik eskatzen diot Europako Parlamentuari sentiberatasuna, erreakzio argia izan dezan ordezkari taldea bidaliz egoera aztertzera, eta Turkiako Gobernuari dei egin diezaion gure udalerrien aurka egindako erasoen harira». Eguna aurrera joan ahala, atxilotuetako gehienak libre geratu ziren; ez, ordea, alkateak eta politikari garrantzitsuenak. Edizioa ixteko orduan 28 lagun zeuden epaitegian atxilotuta. Poliziak «KCK-ko kide izatea» leporatzen die, hau da, «PKK gerrillaren eta adar politikoaren arteko zubi» izatea. Diyarbakirko biztanle gehienen iritzia oso bestelakoa da. Riza Seckin Azadiya Welat egunkariko kazetariak hala esan zion BERRIAri: «Oso esanguratsua da herri ordezkariak atxilotzea, martxoko hauteskundeetan DTP alderdiak horrelako babes zabala lortu ostean. Argi dago ez dutela nahi kurduok politika egiterik, politikatik urrun nahi dituzte gure ordezkariak». Bi milioi eta erdi boto lortu zituen berriki legez kanpo utzitako alderdiak. «Lege printzipio unibertsalekiko inolako begirunerik gabe egin dituzte atxiloketak, ateak apurtuz eta etxeak era arbitrarioan miatuz», salatu du BDP alderdiak. Operazioa probokazioa dela uste dute, bezperan debekatutako DTP alderdiko 94 alkate, zinegotzi eta probintzietako ordezkari BDPko kide egin baitziren. Demir Celik BDPko bozeramailearen ustez, Kurdistango gizartean tentsioa areagotu nahi dute operazioaren bidez: «Argi utzi nahi dut atxiloketak ez datozela bat Gobernuak iragarritako prozesu eta asmoekin». Etsipena Antzera mintzatu da Mehmet Emin Aktar Diyarbakirko Giza Eskubideen Elkarteko burua: «Gobernua ez da Kurdistango egoera ulertzeko gai. Abdula Ocalan PKK buru espetxeratuaren, DTPko parlamentarien, gobernuz kanpoko erakundeen eta DTP eta BDPren jarrerak ondo aztertu balituzte, ez ginateke egoera honetan egongo. Kurduen legezko esparruak neutralizatzea hankasartze handia da», gaineratu du Emin Aktarrek. Izan ere, ondorio larriak izan ditzake: «Atxiloketak dakartzan operazio bakoitzak kurduen amorrua sakontzen du. Legezko esparruak hustuta arlo armatua ahulduko dela pentsatzea okerra da, egin kontu gatazkan hazitako jende gazteak bestelako jarrera hartuko duela. Adiskidetzeko ahaleginak bertan behera geratzen dira horrela, eta beldur naiz gatazkarako bidea egiten dutela atxiloketek». Askok jarri zuten itxaropena ofizialki behin ere hasi ez den Turkiako Gobernuaren prozesuan, baina etsipena ari da nagusitzen. «Horrek berriz indarkeria itzultzea dakar, baina nire ardura da orain ez ote den hirietaraino iritsiko», jakinarazi du giza eskubideen aldeko ekintzaileak. Abenduaren 11n Turkiako Auzitegi Konstituzionalak DTP alderdia legez kanpo utzi ostean egindako lehen operazio garrantzitsua da, baina gehiagotan izan dira azken hileotan. Kurdu gehienen babesa jaso zuen DTPk martxoaren 29ko udal hauteskundeetan, eta handik aste bira alderdiko ehun kide baino gehiago atxilotu zituzten. «Apirilaren 14ko operazioan DTPko 53 kide atxilotu zituzten, alderdiko lehendakariordeak tartean. Zortzi hil pasa dira, ez da epaiketarik egon, eta are okerrago, ez dakite zertaz akusatzen dituzten». BRDren salaketaren arabera, egun hartatik bostehun politikari kurdu atxilotu dituzte. Turkiako Gobernuak, hala ere, AKP Justizia eta Garapenaren Alderdi islamista moderatua buru duela, auzi kurdua konpontzeko borondatea daukala esan izan du sarritan. Abdula Ocalan PKK-ko buruzagi espetxeratuak abuztuan bake orria iragartzearekin batera, idatzi hura bahitu eta hasieran ekimen kurdu, gero ekimen demokratiko eta azkenik batasun nazionalerako ekimena deitu zuena aurreratu zuen Recep Tayyip Erdoganek. Hedabideek argitaratutako gobernuaren balizko neurrien artean, udalerriei izen kurduak itzultzea eta hautazko kurduerazko eskolak ezartzea zeuden. Oposizio kemalistak gogor kritikatu arren, kurdu gehienentzat oso labur geratzen diren urratsak dira eta geroz eta gutxiagok sinesten dute aurki konponbide baketsurik izango duela Kurdistango gatazkak.
|