| Zapatistak, mehatxupean |
|
|
|
| 19/02/2010 | |||
|
[Berria] Mexikoko Gobernua Chiapasko komunitate zapatistak husten ari da, han turismoa sustatzeko; asmoa, ordea, mugimendu zapatista indargabetzea dela salatu dute GKEek. Chiapasko Gobernuak Mexiko Hirian duen egoitza gorriz margoturik agertu zen hilaren 10ean. Burdinazko atean, kolore berberaz pintatuta, Ramona Komandantea herri autonomoaren aldeko leloa irakur zitekeen: Bolom Ajawan errepresiorik ez. Halaxe deitzen diote indigenek EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistako komandante izandakoaren herriari. «Gobernu txarra kanpora», «Armada Chiapastik kanpora», «Gora zapatistak eta gora EZLN» oihuen artean, duela hilabete Bolom Ajawan gertatutakoa salatu zuten zapatisten aldeko ekintzaileek. Orduko hartan indigenak euren lurrak uztera behartu zituen Chiapasko Gobernuak, egin asmo duen turismo gunea eraikitzen hasi ahal izateko.
Adibideak asko dira, baina Bolom Ajawa herrian jazotakoa da oraintsukoa. Urtarrilaren 20an, aihotzak eskuetan, Montes Azules aldean dagoen herrian azaldu ziren paramilitarrak. Helikopteroetan indarrez sartu zituzten herritarrak, eta Palenquera eraman zituzten gehienak, etxe berria emango zietela hitzemanda. Tarte horretan, baina, indigenek urteetan eraikitako etxeak erre zituzten paramilitarrek, itzultzeko asmorik izatekotan zapuzteko. Jazarpena eta izua Gaur-gaurkoz Palenquen jarraitzen dute euren herrialdetik kanporatutakoek; oraindik ere ez dute agindutako etxerik ikusi. Palenquera iritsi zirenean oso tratu txarra jaso zutela jakinarazi dute; galdekatu egin zituztela eta horren ostean inguru hartan droga trafikoan aritzea leporatu zietela. Bolom Ajawako komunitateak zapatisten segurtasunerako lerroa osatzen du, inguruko beste hainbat komunitatek bezala. Hainbatetan eraso zuzenik egin ez, baina indigenei jazarri egiten dietela salatu izan dute; askotan, helikopteroak ibiltzen dira inguruan, herritarrengan izua zabaltzeko beste asmorik ez dutela. REDPAZ bakearen aldeko sarearen arabera, Bolom Ajawan jazotakoak zerrenda luzea ekar dezake atzetik; Ocosingo herriko Laguna El Suspiro eta Laguna San Pedro komunitateetan Bolom Ajawakoaren antzekoak gertatu dira, baita Mitziton herrian ere. Azken honetan Jainkoaren Armada Arrano Hegalak talde paramilitarrak bertako kide bat autoz harrapatu eta hil egin zuela adierazi dute. Aipatutakoak polizia operazioak jasaten lehenak izan badira ere, Gobernuaren asmoa zabalagoa dela ohartarazi du REDPAZek, eta beste hainbat komunitate zapatista autonomo ere arriskuan daudela. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen herrialde independenteetako herri indigenen inguruko 169. ebazpena dauka oinarritzat REDPAZek. Jatorrizkoa duen eremuan bizitzeko eskubidea ematen dio testuak gizabanakoari, eta hala izateko betebeharra ezarri agintari denari. Montes Azulesko biztanleek, beraz, euren lurretan bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen du erakundeak, eta nazioarteko hitzarmena bete dezan galdegiten dio Gobernuari. Bake hitzarmena Mugimendu zapatistak 1994an hasi zuen ibilbidea borroka armatuari loturik; hainbat herri okupatu eta komunitate autonomoak aldarrikatu zituen. Los Caracoles dira egun komunitate autonomoetako eskualde antolaketak -Aguascalientes izena zuten lehen-; bost daude orotara, eta haietan 29 herri autonomo daude -MAREZ Herri Autonomo Matxinoak-. 2003an eratu zen sistema hau, eta komunitate bakoitzaren sarreran irakur daiteke aldarrikatzen duten filosofiaren leloa: Hemen herriak agintzen du eta gobernuak obeditzen. EZLNk nekazaritzari eta lurren ustiapenari loturiko borroka isilari ekin zion. Gaur-gaurkoz zapatistek ez darabiltzate armak helburu politikoetarako; 1996tik, Mexikoko Gobernuarekin San Andresko hitzarmena sinatu zutenetik, urte hauetan guztietan euren estrategiara jendea biltzeko ahalmena, antolakuntzarako gaitasuna eta hitza bera izan dira mugimendu zapatistak erabili dituen arma nagusiak. Bake hitzarmenak prozesu luze eta korapilatsua utzi zuen atzean. Herri autonomoen paradigma hitzartu zuten bi aldeek, OITren 169. ebazpenean jasotzen den legez. Herri indigenei gobernu eta aginte era erabakitzeko aukera ematen zitzaien bertan, besteak beste. Edonola ere, gobernu era aukeratzeko ahalmena eskumen handia izanik ere, herri gisa antolatzeko gaitasuna zen garrantzitsu mugimendu zapatistarentzat une horretan: baliabide naturalak ustiatu ahal izatea, kultura garatu ahal izatea, hizkuntza indigenak irakasteko aukera izatea... Baina guztien gainetik, beharbada, 1994an borrokatzera eraman zituzten zio nagusietako bat gailentzen da: jatorrizkoak zituzten lurrak eskuratzeko eta defendatzeko eskubidea. San Andresko Akordioan jasotako konpromiso hori urratzeak jarri du, hain zuzen ere, arriskuan uneotan mugimendu zapatistaren ingurunea. Giza eskubideen egoera Mugimendu zapatistak, agian berak jakin barik ere, giza eskubideen aldeko jarduera etengabea darama aurrera, bere herriaren aldekoa. Inor gutxik esan dezake gaur egun giza eskubideak defendatzea ariketa arriskutsua izan daitekeenik; AI Amnesty International, ordea, uste horretan da, bai bederen Mexikoz arituz gero. Giza eskubideen urraketak aztertu ditu nazioarteko erakundeak Justizia eta Berdintasuna galdeginez: giza eskubideen defendatzaileak Mexikon txostenean. Hilketak, atxiloketak, bortxaketak, larderia, jazarpena... Mexikon giza eskubideen urraketak askotariko aurpegiak dituela ondorioztatu du, hain zuzen, nazioarteko erakundeak txostenean. Salatu du urraketa horien atzean agintari eta goi kargudunak daudela maiz. NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Defendatzaileen Inguruko Adierazpenaren bigarren artikulua aplikatzea zailtzen du horrek; horren arabera, estatuek ekintzaileen jarduera aurrera eraman ahal izateko behar besteko baliabide jarri behar ditu eskuragarri. Alabaina, urratzailea Estatua bera denean, giza eskubideen ekintzaileak gaizkile hutsak besterik ez dira. Auziak ikertzeko nahikoa ahalegin ez duela egiten ere leporatu dio AIk Mexikori. Estatuko segurtasun indarrek gehiegikeriak egiten dituztenean ikertzeko agindu behar dute, baita gizabanakoen eskutik izaten direnean ere. Nazioarteko hitzarmenen arabera, Estatuak ez badu horrela jokatzen, delituaren errudun bilakatzen da eta Mexiko zigortu egin beharko lukete, AIren irudiko. Jazarpena tamalez, Chiapasen bakarrik ez, herrialde osoan izaten dela deitoratu du AIk. Daniel Luna, Sozialismoaren Aldeko Borroka Fronte Nazionaleko kidea (FNLS): «Chiapasek zorigaitz bikoitza du, oso aberatsa izanik ere oso pobrea delako»Giza eskubideen aldeko ekintzaile izateagatik, jazarpena oso gertutik bizi du Daniel Lunak; aldaketarako benetako unea iritsi ez bada ere, esperantzari loturik jarraitzen du. Giza eskubideen alde jarduten duten ekintzaileak jopuntuan daude Mexikon; gizabanakoen mesedetan lanean ari diren boluntario gisa hartu beharrean, zelula armatuekin lotzen ditu Gobernuak. Daniel Luna (Mexiko Hiria, 1961) FNLS Sozialismoaren Aldeko Borroka Fronte Nazionaleko kidea da eta, horregatik, jazarpena bere larruan sufritzen du. Europan dabil, sufritzen duten egoeraren berri emanez. Komite Internazionalistak gonbidatuta, Euskal Herrian da aste honetan. Sozialismoaren Aldeko Borroka Fronte Nazionalekoa zara. Zein egiteko du mugimendu horrek? Vicente Foxen garaian, egoeraren larriaz, alarma gorriak piztu genituen, bateragarria izango zen gune bat eraikitzeko eztabaidatzen hasi ginela. Ondorioztatu genuen, lehenik, pil-pilean zegoen kapitalismoaren aurkako ideiari alternatiba bat eskaini behar geniola eta, bigarrenik, prozesu bateratzailea izan behar zela. Mugimendu horri Sozialismoaren Aldeko Borroka Fronte Nazionala izena jarri genion. Borroka sozialak zein egoeratan dira orain Chiapasen? Montes Azulesko komunitate zapatisten egoeraz ohartarazi duzue. Gobernuak herrixkak hustu egin ditu, gune turistikoa eraikitzeko asmoz... Zein da giza eskubideen egoera? Zu zeu jazarpenaren jopuntuan zara... Giza eskubideak behar bezala errespetarazteko, zer-nolako aldaketak beharko lirateke? Aurten Mexikoko Iraultzaren mendeurrena ospatzen da. Aldaketarako zantzurik ikusten al duzu?
|