|
[Berria / Joxe Artola*] Egutegia Palestinako herriak duela hamarkadak duen tragedia agerian uzten duten data esanguratsuz beteta dago.
Maiatzaren 15a Nakba-ren edo hondamendiaren oroitzapen eguna izango da. Egun horretan Israelek bere sorrera ospatuko du, eta herri palestinarrak estatu horrek ekarri zuen genozidioa egingo du negar.
Azaroaren 9an kalera aterako gara Israel Zisjordanian -nazioarteko legediari, Nazio Batuen Erakundeko ebazpenei eta Hagako Zigor Auzitegiko aginduei trufa eginez- eraikitzen ari den Apartheid Harresiaren aurka protesta egiteko.
Abenduaren 11n, mundu zabalean dauden ia bost milioi errefuxiatu palestinarrez oroituko gara, eta etxera itzultzeko eskubidea aitortzen dien Nazio Batuen Erakundeko 194 ebazpena aplikatzeko exijituko dugu.
Martxoaren 30 honetan ere badugu zer oroitu. Egun horretan Yaum al Ard edo Lurraren Eguna izango da. 1976. urteko martxoaren 30ean, Israelgo poliziak 1948ko lurretako -gaur egun Israel bezala ezagutzen dena- sei gazte palestinar hil zituen. Sei lagun horiek greba orokor batean ari ziren parte hartzen, Galilean gertatzen ari zen lurren lapurretaren aurka. Lur horietan kolonia juduak eta militarrentzako entrenamendu guneak eraiki nahi zituen Israelek. Helburua, gaur bezala, argia zen: Galilearen judeizazio prozesuarekin jarraitu eta bertako jatorrizko herritar palestinarrez hustea.
Ordutik hona, martxoaren 30a, Lurraren Eguna, Israelgo gutxiengo arabiar-palestinarraren baieztapen eguna da, eta itzulera eskubidea aldarrikatzen duen data ere bai. Ezin dugu ahaztu Nazio Batuen Erakundeko 194 ebazpenak iheslari palestinar guztiei eta palestinar horien ondorengoei itzulera eskubidea aitortzen diela.
1948. urtean Israelgo Estatuaren sorrera -errekonozitutako mugak ez dituen Nazio Batuen Erakundeko herrialde bakarra- komunitate arabiar-palestinarrari egindako lurren lapurretan oinarritu zen. Sionismoaren estrategia lur horien jatorrizko populazioaren kanporatzean oinarritu zen. (Sionismoa: Nilotik Eufratesera etnikoki judua izango den estatu bat lortzea helburu duen mugimendu arrazista politiko-sozial-erlijiosoa). Bere xedea lortzeko, sionismoak izua zabaldu zuen palestinarrengan, mendeak eta mendeak bizitzen zeramaten lurretatik joan zitezen derrigortze aldera.
Genozidioa izugarria izan zen arren -Israel Palestina historikoaren lurren %78z jabetu zen-, hainbat herri eta populu bertan gelditu ziren, eta Israelen barna anexionatu zituzten.
Gaur egun 1948ko lurretako komunitate arabiar-palestinarra deitzen zaie, eta Israelgo Estatuaren populazioaren %20 dira. Gaur, 1976. urteko martxoaren 30ean bezala, Israelgo administrazioaren aldetik apartheid izugarria pairatzen jarraitzen dute.
34 urte pasa dira, baina historia ez da ezer aldatu. Israelek lur palestinarrak hartzen, hobeto esanda, lapurtzen jarraitzen du. Hango ur eta olibondoak. Nazioarteko legedi oro urratzen jarraitzen du, okupatutako lurraldeetan koloniak eraikiz. Azken finean, Nakba-k, hondamendiak, bere horretan dirau herri palestinarrarentzat.
P.D.: Ez-dakit-zeren inguruko Nazioarteko Egunekin jarraituz, gisa horretako beste egun bat sortzea proposa genezake: Palestinako Genozidioarekin Nazioarteak duen Konplizitatearen Nazioarteko Eguna. Ezin dugu ahaztu Israelek mundu zabaleko potentzia nagusien babes osoa izango ez balu hau guztia ez litzatekeela gertatuko.
*(Komite Internazionalistetako kidea)
|