Zirika! herri gunea berritzeko eta hobetzeko ahalegin kolektiboa Imprimir
01/04/2017

+Video

[Uriola] Erronda kaleko 12. zenbakian dagoen Zirika! gune autogestionatua lau urtetan asko hazi da. Kudeatzen duten Komite Internazionalistako kideek hobekuntzak egin nahi dituzte lokalean Bilboko kolektiboei aukera gehiago eskaintzeko. Finantzaketa modu gisa, diru-bilketa kolektiboa jarri dute martxan, eta erantzun ona izan dute.

"Historia luzea" duen espazioa da Erronda kaleko 12. zenbakiko lokala. Izan ere, bertan izan ziren aurretiaz Likiniano eta Gatazka liburu-dendak. Duela lau urte baino gehiago hartu zuen gune horren ardura Komite Internazionalista kolektiboak "espazio autogestionatua eta feminista" sortzeko xedez. "Bilbok behar zuen espazioa". Besteak beste, doako jarduerak antolatzeko, eta liburutegia eta kontsultarako gunea eskaintzeko.

"Motel" abiatu bazen ere, denborarekin, hasierako beldur eta zalantzak baztertu dituzte Komite Internazionalistako lagunek. Pozik daude hartutako erabakiaren. Espazioa "espero genuena baino askoz handiagoa bihurtu da", diote. Eta "gu baino handiago izan denean, konturatu gara gauza asko ez zeudela ondo". Besteak beste, zorua berriztu, liburutegia handitu, soinu eta ikus-entzunezko ekipoa aldatu, txikigunea muntatu "umeekin joan ahal izateko" eta bigarren gela atondu "elkarteen materiala salgai jartzeko" nahi dute.

Aldaketa guzti horiek finantzatzeko crowdfunding kanpaina jarri dute martxan. Lehen fasean lortu dute aurreikusitako diru kopurua biltzea. Tartean, erakunde askok emandako laguntza dago. "Beharra ikusi dutelako". Orain, bigarren fasean, "asmoa diru-bilketan jarraitzea da ahalik eta babes gehien lortzeko". Horrela gauza gehiago "lortu eta egingo ditugu".

Kanpaina "edonori" zuzenduta dago, baita norbanakoei ere. "Nahi duena hurbil daiteke Erronda 12ra eta Zirikan parte hartu".