Manoli Etxeberria (KI) “Emakumeen Mundu Martxak ‘feminista naiz’ esateko beldurra kentzeko balio izan du” Imprimir
10/10/2015

Manoli Etxeberriak Komite Internazionalistarekin duen harremana duela 20 urte hasi zen, Kubara brigadista joanda, eta ordutik hango eta hemengo errealitateak ezagutzeko aukera izan du.

Internazionalismoak zer eman dizu?
Internazionalismoa esperientzien elkatrukea da. Beste prozesu iraultzaileetan borrokatzen duen jendea ezagutzeak gauzak egiteko beste modu batzuk ikusarazi eta ulertarazi dizkit. Beste toki batzuetan ere inperialismoaren eta kapitalismoaren kontra borrokatzen direla ikustean, zure borroka politikoan eta egunerokoan nola funtzionatu behar duzun erakusten dizute.

Egon zaren herrialdeetan zer ikusi duzu?
Kuban, Nikaraguan, Guatemalan eta Iraken egon naiz. Toki bakoitzak gauza ezberdin bat erakusten du. Kuban alderdiarekin eta inguruko erakunde sozialekin egon ginen harremanetan. Ikusi genuen nola antolatzen ziren emakumeak, gazteak, sindikatuak... Nikaraguan erakunde ttikiagoekin lan egin genuen, prozesu iraultzaile sandinistatik zetozenak, baina ez ofizialistak. Guatemalan Latinoamerikako toki askotan pasatzen dena pasatzen zen: nekazariak euren lurretatik bidaltzen zituzten -bere garaian gerrengatik, orain multinazionalengatik- eta komunitateetan elkartzen ziren. Dena antolatzen zuten: hezkuntza, osasuna, formakuntza politikoa... Irakera joan ginen Saddam Husseinen garaian zegoen azpiegitura ezagutzera. Inbasio momentua zen eta delegaritza bat joan ginen, pasatzen ari zena ikusteko. Elkartasun politikoa joan-etorrikoa da. Errealitateak ezagutzera joaten gara, baina gure lana hemen dago: hemen egin behar dugu presioa. Bozgorailuak gara. Zerbait eraldatu nahi badugu, borrokak kolektiboa izan behar du. Guk asko hitz egiten dugu askatasun indibidualaz, baina kubatarrek erakutsi zidaten askatasun indibiduala askatasun kolektiboarekin lotuta doala beti. Eta askatasun kolek-tiboak elkarrekin lan eginez lortzen dira. Uste dut momentu ona dela lanerako.

Eta gure gizarteak nola erantzuten du?
Euskal Herrian konplikatua da internazionalismoaz hitz egitea errealitate politiko, sozial eta ekonomiko oso konplexua dugulako. Hemengo borroketan inplikatzen gara. Kanpoko gaiak ekartzea batzutan konplikatua da. Hitzaldi bat antolatzen dugunean ez dugu erantzun handirik izaten, baina eraso inperialistak izan direnean -Irakeko gerra, Palestina...-, erantzuna badago.

Orain komunikabideetan Siria eta errefuxiatuak dira hizpide. Nola ikusten duzu gaia?
Sirian gertatu dena ezegonkortasun politiko eta sozialaren ondorioa da. Estatu Islamikoa ahulduta zeuden tokietan sartu da. Nork ezegonkortu ditu? Batez ere, AEB-ek eta Europako Batasunak, gobernu ustel eta basatiak baimenduz. Errefuxiatuen kontua oso konplexua da. Errefuxiatuak bazeuden Jordanian, Iraken... baina ezin dituzte orain dauden guztiak jaso, kuotak gainditu direlako. Nola kudeatuko den hori guztia ez dakit. Ez naiz batere fio Europako Batasunak zer egingo duen. Nork erosten dio petroleoa Estatu Islamikoari eta nork ematen dizkio armak? AEBek eta Europako Batasunak. Hori da arazoaren sustraia.

Badirudi jendea errefuxiatuak hartzearen alde dagoela. Baina gizartea prest al dago?
Arazo politikoa da, beraz, Gobernuek erantzun behar dute. Hau ez da Saharako haurrak udan bi hilabetez hartzea. Errefuxiatuekin pausoak eman behar dira. Etortzen diren kolektibo horiek integratu behar dira. Eta familia batek hori egitea oso zaila du. Irtenbide politiko bat behar du arazo honek, ez laguntza humanitarioa.

Aste honetan Hassanna Aalia sahararraren atxiloketaren berri izan dugu. Lortuko al da ez kanporatzea?
Saharako kontua berriz hartu behar da. Espero dut mugimendu sozialarekin errefuxiatu estatusa lortuko dugula Hassanarentzat.

Askapenako zenbait kideren kontrako epaiketa hastear dago. Internazionalismoa arrisku-tsua da batzuentzat?
Ezker abertzalearen inguruan dauden mugimendu sozial guztiak lupaz begiratu dituzte. Askapena bat gehiago da, Jarrai edo beste edozein izan den bezala. Ez dut uste internazionalismoak molestatzen duenik kasu honetan, baizik eta Askapena nor den horrek. Mugitzen den guztiak traba egiten du. Dudarik gabe, Komite Internazionalistak Askapenarekin gaude. Internazionalistak gara, baina ezin dugu kanpoko borrokekin solidario izan ez bagara gure herriko borrokekin solidario. Askapenakoak lagunak dira, gauza asko egiten ditugu elkarrekin.

Feminismoarekin ere oso lotuta dago zure militante bizitza, ezta?
Oiartzungo Asanblada Feministan parte hartzen dut. Internazionalismoan deskubritu nuen mundu honetan bi dominazio daudela: kapitalista eta patriarkala. Gizartea eraldatzeko borrokak nahitaez izan behar du feminista, beraz. Ez badugu patriarkatuaren eta kapitalismoaren kontra aldi berean borrokatzen, ez dugu ezer aldatuko. Feminismoa dominazio patriarkalaren kontrako borroka politikoa da. Oso zaila zitzaidan kapitalismoaren eta inperialismoaren kontra borrokatzea, ez banuen dominazio patriarkalaren kontra ere borrokatzen. Dominazio patriarkal, militar eta ekonomikorik gabeko mundu baten alde nago, horregatik nago inplikatuta internazionalismoan eta feminismoan. Iraultza feminista izango da, edo ez da izango.

Emakumeen Mundu Martxa ere internazionalismoarekin lotuta dago, gizarte heteropatriarkala iraultzea aldarrikatzen baitu emakumeen arteko elkartasuna baliatuz, Kurdistandik Portugaleraino.
Oso polita izan da. Oso emotiboa, batez ere neska gazteen inplikazioarengatik. Martxa Oreretara iritsi zen, baina Oiartzunen bi ekintza egin ditugu. Mundu Martxa festa izan da -nahiz eta aldarrikapen politikoa zen funtsa-. Pentsatzen eta hausnartzen hasteko balio izan du, feminista naiz esateko beldurra kentzeko.

Eta Oiartzungo panorama nola ikusten duzu?
Oso sentsazio ona dut. Oso eroso sentitzen naiz Oiartzungo Asanblada Feministan. Antiju Moreek maiteminduta naukate. Oso sortzaileak dira. Mugimendu ireki, malgua, dinamikoa, aktiboa eta emakumeen aniztasunari irekia sortu dute. Lortu dutena izugarria da.

[Aski Presko, Oiartzungo udal aldizkaria]