“Piztu Bilbo, itzali MTV!” dinamika abiatu dute, Bilbo herrikoi eta anitzaren alde Imprimir
27/04/2018

[Uriola] 2018ko azaroan "MTV European Awards" makro-jaialdia antolatuko da BEC-en. Ekimen honen eta beste hainbaten aurrean, Bilboko zenbait eragile halako ekimenek kaltetu egiten dituztela jabetu dira, eta egoera salatu nahi izan dute. "Piztu Bilbo, itzali MTV" dinamika abiatu dute, hiri herrikoi eta anitzaren alde borrokatzeko dei eginez.

“Euskal Herriari enpresa izaera ematen ari zaion “Basque Country – Euskadi” markaren dinamikaren baitan, Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioak gure bizi esparrua eskaparate gisan erabiltzen ari dira”, azaldu zuten atzo Bilboko zenbait eragilek eginiko prentsaurrekoan. Hori dela eta, hiriak eraldaketa “bortitzak” jasaten dabiltzala adierazi zuten, Bilbora joanda, azken urteotan egon den turismoaren gorakada begi bistakoa dela gaineratuz.

 

+Video

 

2018ko azaroan “MTV European Awards” jaialdia ospatuko da Barakaldoko BEC-en, “kultura globalizatu eta kontsumistaren sinbolo bikaina den MTV musika kate estatubatuarraren makro-ebentoa”. Diru publikoa erabiliz finantzatutako ekimena dela nabarmendu zuten prentsaurrekoan.

Horren aurrean, gai ezberdinetan lan egiten duten Bilboko zenbait eragilek halako ekimenek kaltetu egiten dituztela jabetu, eta egoera salatu nahi izan dute, aurre egiteko saretzen hasiak direla azalduz. “Sexuen arteko ezberdintasun hierarkikoak indartzen dituzte MTV bezalako ekimenek”, adierazi dute. Horrez gain, lan prekarioak sortzen dituztela ere salatu dute.

“Asmoa ez da MTV-ren aurkako kanpaina soila egitea, baizik eta konpainia honek duen sinbolismoa aprobetxatuz, herri nortasuna galtzen ari den hiri eredu horren salaketa egitea”, esan zuten prentsaurrekoan. Oraindik “beste Bilbo bat” existitzen dela nabarmendu zuten, anitza eta herrikoia dena. Beraz berau eraikitzeko gonbita egin diete herritarrei.