Troikaren gainetik, denok libre! Imprimir
24/06/2016

2014ko Martxoaren hiruan, Troikak (Europako Banku Zentralak, Europar Komisioak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatutako hirukoteak) bilera egin zuten Bilbon. Guggenheim museoan, Troikako ordezkariez gain agintari ugari ere bildu ziren: Espainiako erregea, Mariano Rajoy, Iñigo Urkullu, alderdietako ordezkariak, enpresariak, nazioarteko enpresetako eta banku nagusietako buruak… Global Forum Spain topaketari Global Forum Spain izen arranditsua emanez.

Troika bera eta baita enpresariak, bankariak eta enparauak, ez ditu inork “aukeratu” inoren “ordezkari izateko”. Ordea, Estatuei, instituzioei eta herritarroi, jendarte eredu jakin bat inposatzen digute. Azken urteotan zehazki, eredu neoliberalean sakondu eta eskubide sozialik gabe uzten ari dira gizartea, murrizketaz murrizketa.

Goi-bileran biltzen ziren horiek ordezkatzen duten jendarte ereduaren eta ezartzen aritu diren politika sozioekonomikoen aurka, hainbat ekimen antolatu ziren egun hartan. Ekimenetan jendetsuena, milaka pertsona batu zituena, Gune plataformak deitutako manifestazioa izan zen. Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta hainbat herri mugimenduk osatzen zuten plataforma. Eguerdiko manifestazioan, egun osoan oro har eta hiriko puntu ezberdinetan, istiluak izan ziren poliziaren eta Troikaren aurka azaltzen ginen herritarron artean, honen ondorioz hainbat atxilotu izan ziren.

Bitartean, Guggenheim museo gotortuan, metalaren usaia zuen bake giroan, agintarien hitzartzeak izan ziren bat bestearen atzetik. Esaterako, Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari nagusi Christine Lagardek “Espainiak lan erreforman-sakondu behar du” bota zuen, Eurotaldeko lehendakari Jeroen Dijsselbloemek “doikuntzekin jarraitzeko ausardia politikoa” eskatzen zuen, edo BBVAko lehendakari Francisco Gonzalezek “autokonplazentzia” ekidinez “erreformetan eta konpetibitatearen sustapenean” sakontzen jarraitzea aldarrikatzen zuen.

Bi urte baino gehiago pasa dira honen aurka manifestatu ginenetik. Ahaztu ditugu gertakariak gehienok. Baina ondorio errepresiboak ez dira iragan. Orotara 13 pertsona izan ginen atxilotuak edo auzipetuak 2014ko martxoaren 3an Bilbon. Guztiei delitu larriak leporatu zitzaizkigun. Bi adin-txikiko bakoitzari “komunitatearen aldeko” 100 lan-ordu eta milaka euro eskatzen zitzaizkien ustezko kalteengatik. Biak absolbituak izan ziren proba faltagatik. Hirugarren pertsona baten aurkako kausa ere artxibatuta dago honezkero, berriz ere proba faltagatik. Beste bi prozedura akordio bidez itxi dira. Beste baten prozedura absoluzioarekin amaitu da. Baina, oraindik 6 pertsona daude epaiketaren zain. Hauen aurkako eskaerak zehaztuta daude jada: txikiena 2 urtetakoa da, handiena laukoa, orotara 18 urteko espetxealdia eta 300.000 euro inguru kalteetan seirentzat. Leporatzen zaizkien ustezko delituak, lesioak, atentatua eta desordena larriak dira. Hauetatik bi epaiketa data dakizkigu, bata Uztailaren 19an eta bestea Irailaren 29an.

Auziperatuak