Kapitalismoaren aurka Maiatzak bat egin zuten ehunka pertsona Bilbon Imprimir
03/05/2015

+Video

[Buiaka] "Maiatzak 1 Egin" iniziatibak Langileen Nazioarteko Egunean Bilboko kaleak hartzeko deia egin zion langile klaseari. Azken urteotan Maiatzaren Lehenak galdu duen borroka izaera berreskuratu eta kapitalismoaren aurka egiteko egun bihurtu nahi zuten atxikitutako kolektiboek. Argi dago langileen eguna ikasleon eguna ere badela eta, horregatik, ikasleriaren parte hartze handia izan zen.

Manifestazioa hasi baino lehen, omenaldia egin zen Deustuko Zubian langileriaren urteetako borrokari eta borroka horretan errepresioaren ondorio larriak jasan dituzten kide guztiei plakatxo bat jarrita: “Langile borrokalari guztiei, Etsaiak eraildakoei, Espetxean ditugun kideei,
Aske izaten saiatzen garenoi, Arnasa, indarra eta kemenaz, garaipenera goaz”

Behin hasierako ekitaldia bukatuta, manifestazioak Arriagara bidea hasi zuen Ertzaintzak “eskoltatuta”. Presentzia polizial handia egon zen ibilbide guztian zehar baina horrek ez zuen martxa antikapitalistak aurrera egitea galarazi. Gran Vian langileriaren prekarietatearen errudunak zeintzuk ziren argi utzi zen eta oihuen artean manifestaldia Arriagara heldu zen. Bertan, berriz ere, klase kontzientzia indartu eta gaurko sistema ekonomikoarekin bukatzeko beharra azpimarratu zen. Mobilizazioa bukatzeko hurbildutako ehunka ahotsek “Internazionala” eta “Eusko Gudariak” abestu zuten.