Elkartasuna Berta Cáceres emakume borrokalariarekin Imprimir
11/03/2016

Martxoaren 14an, astelehena, 19:00etan Bilboko Plaza Biribilean (BBVAren aurrean) kontzentraziorako deia egin dute hainbat erakundek. Bertan, hain zuzen ere, bete-betean gaitzetsiko dugu martxoaren 3ko, asteazkena, goizaldean Honduraseko lenken etniako buruzagi ezaguna zen 45 urteko Berta Cáceres emakume indigena erail izana. Cáceres Honduraseko Herri Erakundeen eta Indigenen Gizarte Kontseiluko (COPINH) koordinatzailea eta giza eskubideen defendatzaile nabaria zen. Amerika Arteko Giza Eskubideen Gorteak (CIDH) Bertaren babeserako kautelazko neurriak ezarri zituen, mehatxuak jaso berri zituen-eta. Bere lan historikoagatik, Ingurumenerako Goldman Saria eman zioten iazko apirilean. Martxoaren 3an, ordea, bizitzeko eskubidea kendu zioten indarrez.

Martxoaren 14a egun adierazgarria da, “Ibaien Aldeko Munduko Eguna” delako. Hori dela eta, Berta geure kidea modu berezian gogoratu nahi dugu egun esanguratsu horretan, egin zuen lan eskergagatik eta Hondurasen eraikitzen ari diren hainbat presaren aurka garatu zuen borrokagatik.

“Borrokatu beste aukerarik ez dugu”
Berta Cáceres

Informazio gehiago  “Ibaien Aldeko Munduko Eguna”ren inguruko kanpaina : http://www.internationalrivers.org/

Hemen Elkarretaratzea deitu duten erakundeen komunikatua:

BERTA CÁCERES HONDURASEN ERAIL IZANA GAITZESTEKO
KOMUNIKATUA

Bete-betean gaitzesten dugu martxoaren 3ko, asteazkena, goizaldean Honduraseko lenken etniako buruzagi ezaguna zen 45 urteko Berta Cáceres emakume indigena erail izana. Cáceres Honduraseko Herri Erakundeen eta Indigenen Gizarte Kontseiluko (COPINH) koordinatzailea eta giza eskubideen defendatzaile nabaria zen. Amerika Arteko Giza Eskubideen Gorteak (CIDH) Bertaren babeserako neurriak ezarri zituen, mehatxuak jaso berri zituen-eta. Bere lan historikoagatik, Ingurumenerako Goldman Saria eman zioten iazko apirilean.

2009. urtean, estatu-kolpea eman zuen de facto gobernuan, 233. Dekretua onartu zenez, kolpea babestu zuten enpresarien taldeei eurei ustiapen hidroelektrikorako kontratuetako onuradunak izateko aukera eskaini zieten. Euren artean, Agua Zarca Proiektu Hidroelektrikoa dago, eta, erreserba natural babestutik kilometro gutxira kokatuta dagoenez, lenken herriaren ondare kultural zein izpirituala den Gualcarque ibaiko arroa dago mehatxupean. Desarrollo Energético, S.A. enpresak sustatutako proiektu horrek kapital holandarra dauka, eta, hasiera batean, mundu-mailako konpainia presa-eraikitzaile handiena den China Sinohydro enpresa estatalak ere babestu zuen. Azkenean, ordea, bertan behera utzi zuen proiektua, eta, besteak beste, bertako erkidegoa proiektu horren aurka zegoelako alde egin zuela adierazi zuen.

Lenken herriak jarduera horren kontra zegoela adierazi zuen, argi eta garbi zegoelako LANEko 169. Hitzarmena urratzen zuela (Hondurasek 1995ean sinatu zuen). Izan ere, ez zen aurretiazko galdeketa informaturik egin. 2013. urtean, proiektua ez betearazteko borroka baketsurako prozesua biziagotu zen COPINHen eskutik, eta Berta Cáceres herri indigenen eskubideen aldeko buruzagi nabarmenenetakoa izan zen.

Berta erail baino zenbait egun lehentxeago, COPINHek proiektu hidroelektriko horren aurkako erresistentzia zibilerako jardunaldia egingo zuela iragarri zuen, inguru horretako 50 familia lenka indarkeriaz kanporatu zituztelako. Krimena baino zenbait egun lehenago, ekintzaileak salatu egin zuen bere lau kide erail zituztela eta beste batzuek mehatxuak jaso zituztela.

Egoera hori, ostera, ez da egitate isolatua, "Zenbat gehiago?" txostenean adierazten den bezala Honduraseko ingurumenaren defendatzaileen hilketa-tasa mundu zabaleko handiena delako. Agiri horretan bertan, Global Witnessek berak Berta Cáceresen kasua azpimarratzen zuen, Honduraseko defendatzaileek jasan ohi duten jazarpen sistematikoaren adierazgarri ezin hobea delako. Bere esanetan, “atzetik dabilzkit. Mehatxatu egin naute, hil eta bahitu egingo nautela esan didate. Nire familia ere mehatxupean dago. Horrexeri aurre egin behar diogu”.

Horrez gain, 2015eko abenduan, Amerika Arteko Giza Eskubideen Gorteak salatutako txostenen arabera, ez dago funtsezko inolako neurririk giza eskubideen urraketa larriei buruzko salaketei erantzuteko (...), nahiz eta nekazarien erakundeek estatuak ustezko gertakari horietan parte ahal izan duela adierazteko moduko indarkeria-patroiak antzeman dituzten.

Honduraseko herri-erakundeek proiektu erraldoi hori salatu duten arren, abian jarraitu du segurtasun-guardien bidez ezkutatutako egitura militar zein paramilitarrari esker eta polizia nazionalaren erabateko prestasunari esker, helburu horretarako fondo publikoak, logistika,
komunikazioa eta poliziak jaso ditu-eta. Hori guztiori dela eta, behean sinatzen dugun erakundeon ustez:

Honduraseko gaur egungo gobernuak erantzukizun osoa dauka, esparru juridiko, politiko, ekonomiko eta instituzionala eskaintzen duelako giza eskubideen defentsarako eta, batez ere, Hondurasek sinatutako LANEko 169. artikuluaren betearazpenerako onartutako
betebeharrekin bat ez datozen proiektu ekonomikoak garatzeko.

Honduraseko gobernuari eskatzen diogu behar besteko neurriak hartu ditzala, giza eskubideen defendatzaileen babeserako neurriak ezartzeko eta haien osotasuna zaintzeko. Horrez gain, eskatu ere egiten diogu behar besteko prozedurak abian jarri ditzala, erailketa
gaitzesgarri honen erantzuleei justizia ezartzeko.

Bete-betean gaitzesten dugu Desarrollo Energético, S.A. enpresaren esku dagoen Aguas Zarca Proiektu Hidroelektrikoaren garapena, baita enpresa horrek lenken herria zapaltzeko
eta ikaratzeko erabilitako jarduketa sistematikoak ere.

Honduraseko Enpresa Pribatuen Batzordearen (COHEP) erantzukizuna da, giza eskubideen aldeko borroka gutxiesteko eta kriminalizatzeko giroa suspertu duelako. Berta Cáceres bera zuzenean aipatu nahian, bertako Aline Flores presidenteak bere garaian adierazi zuen batere ados ez zegoela haren babeserako nazioarteko mekanismoekin.

Erdialdeko Amerikako Integrazio Ekonomikorako Bankuaren (BCIE) laguntza finantzarioa jarri nahi dugu agerian, 24,4 milioi dolar eman dituelako jarduera hori, beste enpresa batzuen partaidetza (Alemaniako Voith Hydro eta Siemens, adibidez) eta Honduraseko enpresa zein finantza arloko taldeen partaidetza ere batera finantzatzeko; esate baterako, CASTOR (CASTILLO TORRES) CONSTRUCTORA CERROS DE COMAYAGUA enpresa, FICOHSA bankua eta Atalatarren enpresa-taldea.

Europar Batasunari eskatzen diogu lankidetza finantzariorako onartutako konpromisoak bere gain hartzeko, EB eta Erdialdeko Amerika Elkartzeko Esparruan adierazten den bezala. Horren arabera, horrelako ekintzak bateraezinak dira demokraziaren nahiz giza eskubideen
sustapenarekin, hitzarmen horretako helburuetako 2. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta. Hori dela eta, proiektu hori abalatzen duten finantza-instituzio europarren
negoziaketa-baldintzak aztertu nahi ditugu berriro; esate baterako:

o Herbehereetako Garapen Fondoa (FMO)-Holandako Bankua, 15 milioi dolarreko laguntza eman du-eta.
o Finlandiako Finnish Fund for Industrial Cooperation Ltd. (FINN FUND), 5 milioi dolarreko laguntza eman du-eta. Berriro adierazi nahi dugu oso kezkatuta gaudela Honduraseko estatua ez delako giza eskubideen aldeko lanaren betearazpen askea bermatzeko gai. Halaber, geure elkartasuna eta erabateko babesa ere adierazi nahi dizkiogu Honduraseko eta Erdialdeko Amerikako mugimenduari, baita bertako giza eskubideen defendatzaileei ere. Biktima gehiago ez!

2016ko martxoa