Turkian atxilotu dituzten akademikoen aldeko adierazpena |
11/02/2016 | |||
Turkiako Hezkuntza arloko ehunka lankidek gobernuaren aldetik jasaten ari diren jazarpena salatzeko eta gure elkartasuna adierazteko nazioartean zabaltzen ari den kanpainarekin bat eginik, Euskal Herriko Unibertsitateetan eta Hezkuntzan lan egiten dugun 200 lankide baino gehiagok ondorengo adierazpen hau sinatu dugu. Turkiako eta Kurdistango “Bakearen Aldeko” 1.128 akademikok “ez gara hilketa hauen parte izango” izenburu zuen adierazpena sinatu zuten iragan urtarrilaren 11n. Bertan, herri kurduaren aurkako oldarkeria bertan behera uzteko eskaria egin zioten Gobernu Turkiarrari. Adierazpen hau kaleratu zutenetik, akademiko hauek Turkiako Gobernuaren eta bere politikaren aldekoen gehiegikeria eta biolentzia jasan dute etengabe. Recep Tayyip Erdogan Turkiako Presidenteak egin dituen adierazpenetan akademiko hauek salatu eta mehatxatu ditu publikoki. Ondoren, fiskaltzak 1.128 sinatzaileen aurkako prozesuak hasi ditu. Honakoak dira haien aurkako karguak: talde terroristaren aldeko propaganda egitea eta Turkiako Nazioa, Turkiako Errepublikaren Estatua, Turkiako Nazio-Asanblada Gorena, Turkiako Errepublikaren Gobernua eta Estatuaren epaile-organoak iraintzea. Akusazio honengatik 22 akademiko atxilotuak izan dira momentuz. Erruduntzat joz gero, atxilotuek urtebete eta bost urte arteko espetxe zigorra bete beharko lukete. Hainbat lege-adituk, atxiloketa hauen zilegitasuna zalantzan jartzeaz gain, legez kanpotzat jo dituzte.Bestalde, Turkiako indar faxistek “sinatzaileen odola isuriko dutela” bezalako mehatxu larriak kaleratu dituzte, Turkiako gobernuaren aldekoek eta indar nazionalistek hedabideetan eta sare sozialeten egin dituzten sinatzaileen salaketa publikoak aitzakitzat hartuta. Honez gain, adierazpena sinatu duten askok beren unibertsitateen diziplina-prozedurei eta kaleratzeei aurre egin beharko diete. Bidegabekeri hau burutzen duen bitartean, Turkiako Gobernuak etengabe eusten dio herri kurduaren aurkako sarraskiari (iragan abenduan soilik, Turkiako armadak Kurdistanen burutu zituen ekintzetan 100 kurdu baino gehiago hil zituen). Honekin batera, 2015eko abuztutik 52 etxeratze-agindu ezarri dira Turkiako hegoekialdean, milioi bat gora pertsona kaltetu dituztenak. Testuinguru honetan, askatasun akademikoarekiko errepresio izugarri hau Turkiako Estatuaren autoritarismo sakonaren adibidea baino ez da, akademikoen aurkako erasoez gain, kazetari, abokatu eta ekintzaileen atxiloketa eta erailketak eragiten baitu egunez egun. Alde batetik, dei egiten diogu Turkiako Gobernuari adierazpen-askatasuna eta askatasun akademikoa errespetatu ditzan, halaber, atxilotuak askatu eta bere kontrako karguak berehala erretiratu ditzan. Akademiko hauek bakearen alde egin zuten deia gurea egin eta berresten dugu. Bestetik, adierazpen honen bidez, Turkiako Gobernua herri kurduaren aurka burutzen ari den sarraski politika bertan behera uztera dei egiten dugu.
|
+Video