Mayumaná ez da ongi etorria Donostian Imprimir
24/03/2014
La Iniciativa Palestina Elkartasuna de Donostia, en el marco de una campaña sostenida que promueve el boicot, las desinversiones y sanciones (BDS) realizó una concentración el vienes 21 de marzo en protesta contra la actuación del grupo israelí Mayumana

[Mikel Goenaga, Xabier Pombo, Xabier Areta eta Maite Santamaría* / Berria] Mayumaná Dantza eta Antzerki Konpainia, Israelgo Mayumaná konpainiaren frankizia, ikuskizun berri batekin dator Donostiara.

Bisita horren atarian, Palestinarekin Alkartasuna kolektiboko kideok, beste behin ere, salatu nahi dugu Gipuzkoako hiriburuan antolatzen diren gisa honetako ekimen kulturalek Israelgo Gobernu sionistaren irudia zuritzeko balio dutela.

Gure iritzikoz, Mayumaná konpainiak Israelgo Gobernuak bultzatzen duen palestinarren kontrako apartheid-a estali eta gobernu sionista nazioarte mailan estatu «normal», gazte, demokratiko, dibertigarri, atsegin eta kultur-aniztuna balitz bezala aurkezteko funtzioa betetzen du. Bien bitartean, ordea, Israelgo Gobernuak nazioarteko legedia etengabe urratuz eta Palestinako herritarren giza eskubideak sistematikoki zanpatuz jarraitzen du, eta dantza eta antzerki konpainia horrek bere burua apolitiko eta interkultural gisa definitzen duen arren, pribilegio ugariren jabe izateaz gain, isil-isilik dago palestinarren kontrako genozidioaren aurrean.

Datuei erreparatzea besterik ez dago antzerki konpainia horren isiltasun konplizeaz ohartarazteko. Bere egoitza Yaffa-ko artisten auzo batean dago, 1948. urtean gauzaturiko zapalkuntza etnikoaren ondorioz palestinarrik ez duen Palestinako hirian. Beste hainbat artista israeldarren gisara, Mayumanák ere palestinarren auzoak okupatu ditu, eta palestinarrei ukatzen zaizkien eskubideen jabe da, bere buruari horrelako pribilegioen jabe zergatik den galdetu gabe. Bere egoitza Yaffan duen heinean, gobernu sionistak bultzatzen duen okupazio politikaren pribilegioez gozatzen du Mayumanák, eta, ondorioz, Nazio Batuen Erakundeak babesturiko palestinarren aldarrikapen justuak mespretsatzen ditu.

Ikuskizun koloretsu eta zirraragarri horren atzean, Apar-theidaren Harresia ageri zaigu parez pare, palestinarrei bizitza duin eta libre bat izateko duten eskubidea urratzen diena. Harresiak bitan zatitzen du Palestina, eta Mayumaná konpainiaren ikuskizunak gizateriaren historian izan den kontzentrazio-esparrurik erraldoiena ezkutatzen du oihalaren beste aldean.

Jendarteari gure kezkaren berri eman nahi diogu, eta ulertarazi ikuskizun hau ikusi ahal izateko ilaran minututxo batzuk zain igarotzen dituzten bitartean palestinarrek orduak eta orduak igarotzen dituztela check point delakoetan. Check point horietan egunero eta sistematikoki umiliatuak direla palestinarrak, zanpatuak. Mugimendurik apalena ere, norberaren etxetik gurasoen etxera joatea, adibidez, oztopoz eta trabaz beterik dagoela palestinarrentzat. Askoz gehiago kostako zaio palestinar bati osasun zentro batera joatea edota lanera iristea, guri Mayumanáren ikuskizuna ikusteko txartela erosi, ikuskizunaz gozatu, afaldu eta etxera itzultzea baino. Hori guztia ezkutatzen da, Gazako eta Zisjordaniako palestinarrek ikusteko aukerarik izango ez duten Mayumanáren ikuskizunaren atzean.

Hori guztia dela eta, Palestinarekin Alkartasuna plataformako kideok hiru deialdi egin nahiko genituzke idatzi honen bitartez. Batetik, jendarteari, oro har, ez dadin joan palestinarren mina zuritu nahi duen Mayumaná taldearen ikuskizunera, eta, horrela, ez dadin izan Israelgo Gobernuak Palestinako herriaren aurka bultzatzen duen apartheid politikaren konplizea. Bigarrenik, Kursaal Fundazioari, ikuskizun horrek ekar diezazkiokeen irabazi ekonomikoetatik haratago, horrelakoak programatzeari utz diezaion, eta hirugarrenik, eta azkenik, Euskal Herriko erakunde publikoei, Israelgo Gobernuarekin izan ditzaketen erlazioak bertan behera utz ditzaten eta BDS (Boycott, Divestment and Sanctions / Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) kanpainarekin bat egin dezaten.

Gure ustez, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da kolonizazioaren, israeldarren okupazioaren eta apartheid-aren kontrako kanpaina global honekin bat egitea. Hauxe aldarrikatzen du indarkeriarik ezan eta giza eskubideetan oinarritutako nazioarteko kanpaina honek: Nazioarteko Araudiaren betetzea, Palestinan dagoen okupazio militarraren amaiera, Harresiaren eraispena, diskriminazio arrazistaren etetea, Gazaren kontrako erasoen behin betiko amaiera eta errefuxituek Palestinara itzultzeko duten eskubidea.

*(Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideak)