| Arima errebeldeak, suzko bihotza |
|
|
|
| Brigada Palestina | |||
| 11/08/2009 | |||
|
Brigadako seigarren eguna. Hebron. Bihotz zatituen herria. Alde zaharrera 2007an ezagutu ez genuen bide batetik sartu gara. Kontrol postu handia dago bi denda palestinar txikiren aurrean. Porlan berria eta harri zaharra; bihotz ankerrak eta bizimodu duinak. Aurrez aurre. Isiltasuna. Euren artean pasaleku zabala, bloke batzuen bitartez, bi zonalde desberdinetan bereizitakoa: errepiderik zabalena, kolonoentzat. Estuena, palestinarrentzat.
Israeldarren saiakerak saiakera, halere, alde zaharrak oraindik ez du bere xarma galdu eta bertako kale historikoek magiaz zipriztinduriko jakinminan murgildu gaituzte. Irri erdia margotu zait, oraindik ere dendatxo batzuk beste modu batean ezin zitekeen legez, tinko ikusi ditudanean. Ume bihurriez inguratutako zuku denda, herrari zaharraren lantegi txikia, emakumeen artisautza postutxoa, zapidenda... Eta horrelako gauzez gozatzeko irrikitan, bidegurutzera heldu gara. Ezagun nituen eskilara kaotiko horiek. Ez dut galdetu: teilatuko familiaren etxera hurbiltzen ari ginela ulertu dut. Arnasa sakon hartu dut, edozer gauza entzuteko prestatu, eta gora. Begirada horrek bihotza txikitu dit hasieran. Bera zen. Teilatuko neskatoa. Duela bi urte irribarretsu, dotore eta planta ederrarekin, konkistatu gintuen neskatxa, uda hartan ateratako argazki guztien inspirazio. Oraindik ez du irria galdu baina orain txima nahasiek aurpegi zikina estaltzen diote. Aurten ez digu eskua eskaini, oraingoan dirua eskatu digu. Iada ez da bizitzeko gogoa isladatzen bere aurpegian; gaur miseria gordina nabaritu diogu begirada gazte horri. Begiak gogor itxi ditut, malkoei eusteko asmoz eta hurrengo batean negar egingo dudala erabaki dut, badakidalako hemen zorigaitzak ez datozela bakarrik, sarraski batek, tortura ala botatako etxea dakarrela eskutik helduta. Ez naiz gehiegi okertu. Terraza hartako lehenengo gela erabat kiskalita ikustea egokitu zaigu oraingoan eta baita aurreko egunean etxeko txikia jotzera jaitsi ziren soldaduen gorroto aurpegiak ikustea ere. Algara artean bazkaldu dugu gaur, ahaztuta zegoeneko arratsaldeko seiak zirela. Baina irri hauei zerbait falta izan zaie. Gogoz atera ditugu, une batez dena ahaztu eta barre egitearen beharra azaleratu dugu kide guztiek. Baina funtzio honetako txisteek ez dute publiko eskuzabalik izan. Hurrengo batean akaso... Eguneko balorazioa egiteko garaia heldu zaigu eta isiltasunak hitz egin du. Inpotentzia, haserrea, tristura, ezintasuna, etsipena... Guzti hori esan dugu berba bakar bat ere egin gabe. Apurka apurka, sentipen negatiboak askatu ditugu, izena jarri diogu une horri eta emozio hauek guztiak jipoitu dituen ideiarekin joan gara lotara: Herri bat ez da hiltzen berau maite duten guztiei bizitzeko gogoa itzaltzen zaien arte. Eta hori Palestinan ez da sekula gertatuko.
|