Mor Çati (Teilatu morea) emakumeentzako babesa Istanbulen Imprimir
Brigada Kurdistan
18/09/2014

IFK (Istanbul feminist kolektif) plataformako kide batekin bildu gara. Plataforma honek Istanbuleko hainbat kolektibo feminista biltzen ditu, ekintza koordinatuak, deialdi bateratuak etab egiteko, besteak beste. Bi hitzetan, Turkiako mugimendu feministaren hastapenaren berri eman digu.

IFK plataforma horretan parte hartzen duen MOR ÇATI (teilatu morea) erakundearekin egoteko aukera ere izan dugu. 2010.urtean ateratako datuen arabera, eguneko 3 emakume erahiltzen dituzte Turkian, gehienetan haien gertuko gizonek.

MOR ÇATI, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Turkian sortutako lehen elkarteetako bat da. 1987. Urtean emakumeen aurkako indarkeria salatzeko mugimendu indartsua sortu zuten mugimendu feministek, Istanbuleko kaleetan milaka emakume bildu zirelarik. Elkartasun eta babes gune baten beharraz konturatu ziren, beti ere analisi feministan oinarritua.

Azken analisien arabera, Turkian 10 emakumetik 6k jasaten dituzte tratu txarrak. Zentru honetara eguneko 10 emakume hurbiltzen dira, bai zuzenean zein telefono bidez. Oso garrantzitsua da emakume hauekin elkarrizketa lantzea, beraien beharrak zeintzuek diren jakiteko eta azpimarratu egiten da emakumea ez dela indarkeriaren erruduna, ez dela beraiek probokatutako zerbait eta ez dutela merezi horrelako traturik; beti ere, emakumearen ahalduntzea oinarritzat hartuta.  Horrela, laguntza psikologikoa jasotzen dute hemen eta baita aholku legala ere, haietako askok ez baitakite zeintzuek diren beraien eskubideak edo nola erabili ditzaketen.

Erakunde honek 3 aterpe zituen arren, 2 itxi egin behar izan dira diru faltagatik. Oraindik dirauen aterpeak tratu txarrak jasando emakumeak babesten ditu eperik ezarri gabe, aldiz, gobernuak kudeatutako aterpeetan 3 hilabete soilik egon daitezke.